Emakumeen salerosketa

Pertsonen salerosketa da, iruzur edo hertsadura bidez, edo indarra erabiliz, sexu- edo lan-esplotazioa burutzeko helburuarekin, gizakiak erakartzea, leku batetik bestera eramatea edo jasotzea. XXI. mendeko esklabotza dela esaten da eta, gaur egun, droga- eta arma-trafikoaren ondoren, legez kanpo irabazi handienak eragiten dituen negozioa da. Urtero 2,5 milioi pertsona biltzen dituela eta 32.000 milioi dolarreko mozkinak lortzen dituela uste da.

Drogaren eta Delituaren aurkako Nazio Batuen Bulegoaren datuen arabera, aztertutako pertsonen %70a emakumeak eta neskatxak dira, eta % 53 sexu-esplotaziorako erabiltzen dituzte. Beraz, gizarte patriarkal guztietan –herrialde igorlea, hartzailea edo iragateko lekuak izan berdin dio– ematen den emakumeen aurkako indarkeriako eta bereizkeriako adierazpen odoltsuenetako bat da.

Jatorrizko herrialdeetan emakume askok bizi duten zaurgarritasun larriaren eraginez, bizitza duin bat aurkitzeko helburuarekin, mafien iruzurretan erortzen dira. Eta haiek hartzen dituzten herrialdeetan dagoen eskaera asegaitzaren ondorioz, emakumeen salerosketa negozio errentagarria da XXI. mendean.

Baina, negozio bat izateaz gain, pertsonen salerosketa delitua da. Nazioarteko Zigor Gorteak gizateriaren aurkako delitu gisa kalifikatzen du. Munduko gizarte eta herrialde guztietan dago eta merkataritzaren hasieratik existitzen da. Nazioz gaindikoa izan daiteke, baina toki mailan ere aurki daiteke, herrialde bakoitzean. Herrialde eta eskualde igorleak gune deprimituak izan ohi dira, eta, normalean, dinamismo ekonomiko handiagoa duten lekuetara bidaltzen dituzte pertsona horiek.

Migrazioak eta pertsonen salerosketa aparte dauden gaiak diren arren, kasu batzuetan erlazionatu egiten dira, migratzeko proiektu bat antolatzen ari diren pertsona batzuk –batez ere emakumeak eta neskatxak–, ostalaritzaren edo etxe-zerbitzuaren esparruan egiten dizkieten lan-eskaintza erakargarriegien bitartez, engainatzen dituztelako. Eskaintza onartzeko, emakume horiek diru-kopuru bat ordaindu behar izaten dute. Horrela, euren atzemaileekin zorretan geratzen dira, pasaportea eta dokumentazioa kentzen diete, lan egin behar duten lekura eramaten dituzte eta, bertan, prostituzioan edo behartutako beste lan batzuetan lan egitera behartzen dituzte.

Hainbat urtetako lanen eta negoziazioen ondoren, 2003an indarrean sartu zen Pertsonen –bereziki emakumeak eta haurrak– salerosketa prebenitzeko, atxikitzeko eta zigortzeko Nazio Batuen Protokoloa deitutakoa. Gaur egun jada 159 estatuk berretsi dute.

Salerosketaren aurka borrokatzeaz gain, protokolo honen helburu nagusietako bat biktimak babestea eta laguntzea da, euren giza eskubideak erabat errespetatuz. Izan ere, protokoloa sinatu duten estatuek konpromisoa hartu dute salerosketatik bizirik ateratzen direnak biktima gisa izan duten esperientziaren testuinguruan egindako delituengatik, edo atzerriko herrialde batean egoera irregularrean egoteagatik ez epaitzeko.

Emakume hauek erreskatatzen lan egiten duten erakunde eta zerbitzu publikoen ustez funtsezkoa da biktimak berriro biktima ez bihurtzea, baizik eta salerosketatik bizirik atera diren pertsonak bezala tratatzea. Behin haiek atzemanda, euren harrapatzaileengandik ihes egiteko aukerak eskaintzen zaizkie, eta hor hasten da norberaren nortasuna berreskuratzeko eta gizarteratzeko bide zaila, salerosketak ondorioak izaten baititu, askotan gaindiezinak.

Araudia garatu arren, delitu honekin bukatzeko ahalegina egin arren eta emakume asko salerosketatik bizirik ateratzen diren arren, gurpilak biraka jarraitzen du eta, urtero, milioika pertsona berri murgiltzen dira etengabeko soka honetan.

Begirada egiturazko arrazoi nagusienetan jarriz, honakoa galdetu beharko genuke: jatorrizko herrialdeetan edo eskualdeetan lan-aukera gehiago baleude eta migratzeko premiazko behar hori ez balego, emakume gutxiagok jasango lukete iruzur hau? Eta, agian, prostituzioa legeztatuko edo arautuko balitz, herrialde hartzaileen eskaera bideratu ahal izango zen mota honetako krimen antolatuko sareak ekiditeko eta debekatutako merkatu hau murrizteko? Oraingoz, inork ez daki hori.

2019 © copyright
  • Elkarrizketak Donostia / Conversaciones San Sebastián DSS2016.eu
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea