Ceutako muga: giza eskubideen urraketarako espazioa

Lurralde osoan barrena merkantziek eta kapitalek askatasun osoz zirkula zezaten Europar Batasuna bere barne-merkatua liberatzen joan zen neurrian, kanpoaldeko mugak indartu zituen lan-merkatuak behar zituenak baino etorkin gehiago Europan sar ez zitezen.

Aurkakoa iruditu arren, migratzaile eta errefuxiatu gehienak euren jatorrizko herrialdeen inguruko beste herrialdeetan geratzen dira, eta oso gutxi iristen dira Europara. Izan ere, Espainiaren kasuan, Barajasko aireportua da etorkinak Espainian sartzeko bide nagusia, eta ez dago “inbasio arriskurik”.

Hala ere, Amnesty International erakundearen datuen arabera, Europar Batasunak bere mugak blindatzeko duen aurrekontua errefuxiatuen egoera hobetzeko baino hiru bider handiagoa da.

Frontex-ek –mugak zaintzeko agentzia europarra–, hegoaldeko mugak zaintzen dituzten estatuek –Grezia, Italia eta Espainia batez ere– eta Maroko bezalako mugan dauden herrialdeek –lan zikinena egiten dute– Europar Gotorlekurako sarrera eragozten dute, askotan, giza eskubideak errespetatu gabe.

Migrazioaren eta mugen kontrolaren inguruko Espainiako Gobernuaren –Marokoko Gobernuaren adostasunarekin– politika hauek eragin dituzten ondorioen gertakari dramatiko eta adierazgarrienetako bat Ceutako Tarajaleko tragedia izan da.

2014ko otsailaren 6an, 90 etorkin inguru Ceutan sartzen saiatu ziren Tarajaleko hondartzako muga uretatik gurutzatuz. Uretan zeuden bitartean, Guardia Zibileko agenteak haiek lehorrera heldu ez zitezen ahalegindu ziren, pilotak, salba lehergarriak eta ke-potoak bezalako istiluen kontrako materiala erabiliz.

Gutxienez 14 lagun itota hil ziren, bat desagertu egin zen eta 23 hondartzatik bertatik agintari marokoarren esku utzi zituzten.

Amnesty International, CEAR edo Auzoen Koordinakundea bezalako gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatutakoaren arabera, drama hau ez da gertakari isolatu edo polizia-arduragabekeria bat, baizik eta, zoritxarrez, Europar Batasunaren eta bertako estatuen migrazio-kontroleko politikek planifikatutako estrategia bat. Gertakari horiek beste gorabehera batzuei gehitzen zaizkie, non adierazten dutenez, Marokoren eta Ceutaren eta Melillaren arteko mugetan kanporatze sumarioak eta legez kanpokoak egin diren; beraz, giza eskubideen nazioarteko araudia eta Europar Batasunaren araudia urratuz.

Guardia Zibilak, bestalde, dio istiluen aurkako materiala erabili zuela “disuasio-helburuarekin”, eta segurtasun-kamerek grabatutako unean bertan egindako itzulketak ukatzen ditu.

Ceuta eta Melilla Espainian, Lampedusa Italian eta, une honetan, Lesbos, Chios edo Idomeni Grezian, Europa Gotorlekuaren ate blindatu bihurtu dira. Bertatik saiatzen dira sartzen pobreziatik eta gerretatik ihesi eta, beste modu batera sartzeko, bisarik edo hegazkin-txartelik ez duten pertsona guztiak. Europar Batasunak eta bere mugetako baliabideek –bere garaian sustatu zituzten nazioarteko araudi guztiak urratuz– pertsona horiek zigortu edo kanporatu egiten dituzte, muga hauek giza eskubiderik gabeko gunetan eraldatuz.

2019 © copyright
  • Elkarrizketak Donostia / Conversaciones San Sebastián DSS2016.eu
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea