Donostia Kultura
Donostiako Udala

“Nacido en Siria”-ren proiekzioa Antzoki Zaharrean

Nacido en Siria

2017.02.02

Giza Eskubideen Zinemaldiak, Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatuak, Hernán Zin-ek zuzendutako Nacido en Siria (2016) dokumentalaren proiekzio berezia aurkeztuko du datorren asteartean, otsailaren 14an, 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Sarrera doakoa da, eserlekuak bete arte eta aurretik Antzoki Zaharreko leihatilan sarrerak jasota. Proiekzioaren ondoren solasaldi bat izango da, eta bertan, besteak beste, CEAR – Euskadiko (Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordea Euskadin) Rosabel Argotek eta Javi Julio fotokazetariak parte hartuko dute. Moderatzailea Jon Martijakazetaria izango da.

Goya sarietara proposatutako dokumental honek oso harrera ona izan du proiektatu izan den hirietan, eta hedabide espezializatuek "ezinbestekotzat" hartu dute errefuxiatuen errealitatea ezagutzeko edo "Europa lotsatuta utzi beharko lukeen dokumentala" delako.

Sirian gerra zibila hasi zenetik, indarkeriatik ihesi, lau milioi bat biztanlek utzi behar izan dute herrialdea. Haietatik erdia baino gehiago haurrak dira. Nacido en Siria-k haien kalbarioa kontatzen digu: mafien abusuak, itsasaldi zakarrak, gehienek gainean daramatenarekin bakarrik aurre egiten ari zaien etorkizunaren ziurgabetasuna... Euren helmugara iristea odisea berri baten hasiera besterik ez dela ikusi ahal izango dugu, lurralde berri eta, kasu ugaritan, etsai batean integratzeko ahaleginetan.

Bigarren Mundu Gerratik izandako exodorik handiena, metro eta erdiko altueratik ikusia, eta gerraren, sufrimenduaren, etsipenaren... baina baita superazioaren, errugabetasunaren, kemenaren eta itxaropenaren inguruko zazpi istorioren bitartez kontatzen zaiguna: Sirian jaio izanak zer esan nahi duen ulertzeko aukera emango diguten istorioak.

Dokumental hau Hernán Zin errealizadore argentinarrak zuzendu du, Nacido en Gaza (2014) ere zuzendu zuenak, Goya sarietara ere proposatua, eta hainbat sari jasotakoa, Forqué saria edo Al Jazeerako Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria, besteren artean.