Donostia Kultura
Donostiako Udala

Deepa Mehta-k jasoko du Giza Eskubideen 15. Zinemaldiaren Saria

Deepa Mehta

2017.04.06

Deepa Mehta zinegileak jasoko du Donostiako Giza Eskubideen 15. Zinemaldiaren Saria (martxoak 31 – apirilak 7). Sariaren entrega ostiralean, apirilak 7, 20:00etan Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.

Deepa Mehtak bere ibilbideagatik jasoko du saria. Zineari eskainitako 30 urte hauetan izaera sozialeko gai ugari jorratzeagatik nabarmendu da, gehienetan bere jaioterriari lotuak. Indiak eta emakumeak lehentasunezko lekua dute bere zinean. Itunpeko ezkontzak, migrazioa, emakume indiarren egoera, genero indarkeria... bere filmografian zehar ageri diren gaiak dira.

Saria Aitor Mendizabal artista euskaldunaren biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika da.

Ostiralean bertan Deepa Mehtaren azken lana proiektatuko da Victoria Eugenian (16:30), Anatomy of Violence (2016) dokumentala, doako sarrerarekin. Proiekzioaren ostean Mehtak berak parte hartuko duen solasaldi bat egongo da.

Deepa Mehta zuzendaria ezinbesteko zinegile bilakatu da azken hiru hamarkadetan egin izan dituen filmekin. Indian jaioa, New Delhin filosofia ikasi ondoren Kanadara joan zen bizitzera, eta bertan bizi da hirurogeita hamarreko hamarkadatik, bere sorlekua eta bertako jendea badira ere bere lan gehienen protagonistak.

Bere aurreneko filmetik –Sam & Me (1991)– bere azkeneko filmeraino –Anatomy of Violence, Indiako taldeko bortxaketen gaira hurbiltzen dena–, mundu osoko zinemaldietan saritu eta proiektatu izan dira bere lanak. Mehta nazioartean da ezaguna bere Trilogia Elementalagatik –Fire (1996), Earth (1998) eta Water (2005)–, Asiako herrialdeko momentu historiko jakin batzuetan gertatutako istorioetara hurbiltzen diren filmak izanik.

Adin desberdinetako emakumeen arteko adiskidetasunaren istorioa Camilla (1994), indarkeria matxistaren drama Heaven on Earth (2008), Salman Rushdieren nobela klasikoaren egokitzapena Midnight's Children (2012) edo kaleko gaizkile taldeei buruzko istorioa Beeba Boys (2015) dira, besteak beste, emakume honen ibilbidea osatzen dutenak, kontuan izanik bere filmek beti egin izan diela aurre tradizioei eta estereotipoei modu arriskutsu, ausart eta probokatzaile batean.

Bere alderdi artistikoan nahiz pertsonalean era guztietako problematika sozialei etengabe so egiten dien zinegile honek sari ugari lortu izan ditu, besteren artean, Canadian Centre of Diversity-ren Arteetako Bikaintasun Saria edo Ontarioko Ordena. 2013an Order of Canada-ko Ofizial izendatu zuten, herrialdeko sari zibil gailenena, "gidoigile, zuzendari eta ekoizle iraultzaile" honek egin izan duen lanagatik.