Donostia Kultura
Donostiako Udala

Europa, populismotik muturreko eskuinera

Duela urte gutxi batzuk, Europako ultraeskuina gutxiengo urri bat besterik ez zen. Gaur egun, ordea, muturreko eskuineko alderdiek hautesleen %20-%30 biltzen dituzte zenbait herrialdetan, Danimarkan, Austrian edo Suitzan, besteak beste. Gainera, eskuineko populismoak duen indarraren erakusgarri ditugu Brexiten arrakasta Erresuma Batuan eta Donald Trumpena Estatu Batuetan. Eta Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeak hemendik bi hilabetera izango direnean, inkestetan, Marine Le Penen lidergoak (boto asmoaren %27) irmotu egiten du joera hori.

b-boiling point 3

Krisialdi finantzarioa eta ekonomikoa, aurreikusi ezin dugun etorkizunaren ziurgabetasuna, segurtasun faltaren pertzepzioa, erlijio musulmanarekiko konfiantzarik eza edo errefuxiatuen eta inmigranteen iritsiera dira ideologia horren goraldiaren faktore nagusi, muturreko alderdiek erabili ohi dituztenak euren ideia nazionalista baztertzaile, xenofobo eta euroeszeptikoak aldarrikatzeko. Hala, hainbat neurri proposatzen dituzte, esaterako, mugak ixtea, subiranotasuna lehengoratzea eta moneta nazionalak berreskuratzea.

Krisialdi finantzarioa eta ekonomikoa, aurreikusi ezin dugun etorkizunaren ziurgabetasuna, segurtasun faltaren pertzepzioa, erlijio musulmanarekiko konfiantzarik eza edo errefuxiatuen eta inmigranteen iritsiera dira ideologia horren goraldiaren faktore nagusi.

Paradoxikoa dirudien arren, muturreko eskuina ugaltzen ari da askatasunen abangoardiatzat eta konkista sozialen erreferentetzat jo ohi diren herrialdeetan, besteak beste: Holanda, drogekiko eta prostituzioarekiko hainbesteko permisibitatea erakusten duena; Danimarka, estaldura sozial izugarria duena, edo Finlandia, hezkuntza bikaina eskaintzen duen herrialdea.

Herrialde bakoitzak berezkoak ditu hainbat ezaugarri, baita estilo eta lidergo desberdin ere; hala eta guztiz ere, badira ezaugarri komun batzuk populismoen artean, esaterako, mezu argiak eta errazak erabiltzea, politikoki egokia den horretatik harago doazenak eta herritarrak instintuei, sentimenduei eta beldur oinarrizkoenei heltzera eramaten dituztenak. Klase politikoarekiko etsipenaz eta konfiantzarik ezaz baliatzen dira, eta ustelak eta burokratak izateaz salatzen dituzte gobernatzaile klasikoak, herriari boterea itzuliko dietela aginduz, aldi berean.

Gizarte indibidualista eta indibidualizatu baten aurrean, populismoek kultura, identitatea, baita herrialde bakoitzaren zibilizazioa berreskuratzeaz hitz egiten dute. Eta, beren proposamenak arrazoitzeko argumentutzat, balioetsi egiten dituzte mendebaldeko askatasunak eta lorpen sozialak eta erlijio musulmanaren emakumeekiko ustezko intrantsigentziarekin, diskriminazioarekin eta homosexualitatearen gaitzespenarekin alderatzen dituzte.

Muturreko eskuineko hautesleriaren zati handi bat klase herritar zuriek osatutakoa da.

Eskema soziopolitiko klasikoak hautsi arren beharbada, muturreko eskuineko hautesleriaren zati handi bat klase herritar zuriek osatutakoa da (jatorriz Europako herrialdeetakoak eta tradizioz ezkerreko boto-emaileak), sarritan euren buruak inmigrazioarekiko diskriminatuta ikusten dituztenak, euren iritziz inmigranteak direlako laguntzen eta prestazio sozialen onuradunak. Baina finkatuen dauden inmigranteen kolektiboen artean ere (eskubide zibilak eguneratuta dituztenak) populismoa babes ugari jasotzen ari da.

Ikusteko dago oraindik ultraeskuina gobernatzera iristen bada, kolektibo horien itxaropenak beteko ote dituen edo, aitzitik, politika elitistak aurrera eramango ote dituen, goratu dituzten hautesleen onurarako bereziki izango ez direnak.

Filma: Boiling Point / Kiehumispiste