Abortatzea legezkoa da Estatu Batuetako estatu guztietan, Gorte Gorenak, pribatutasunaren eskubide konstituzionalean oinarrituta, aurrekaria ezarri zuenetik 1973an “Roe vs. Wade” epai famatuarekin. Haurdunaldiaren aurreneko hiru hilabeteetan, estatuek ezin diote ezarri inolako murrizketarik eskubide horri.
Hala eta guztiz ere, azken urteotan ugaritu egin dira TRAP (euskaraz tranpa esan nahi du) direlako legeak: abortoak praktikatzen dituzten kliniketarako araudi espezifikoak dira, zentro horiek kostu handiko berrikuntzak egitera derrigortu edo pazienteen onarpen eskubidea exijitzen dietenak inguruko ospitaleetan. Klinika horietako asko ixtera behartu dituzten eskakizunak, alegia.
2016ko ekainean, Gorte Gorenak berriro eman zuen epaia, abortatzeko eskubidea defendatu eta amarru legal horiei aurka egiten ziena. Dena den, gero eta gogorragoa da sektore antiabortisten presioa, hego-ekialdeko estatuetan batik bat, “bibliaren gerrikoa” direlakoetan, kristautasun ebanjelikoa oso errotuta baitago toki horietan.
Gero eta gogorragoa da sektore antiabortisten presioa.
Toki horietan agerikoa da esklabotzak eta Jim Crow legeek –arraza segregazio araudiak– utzitako oinordetza. Lege haien arabera, bereizitako guneak ezarri ziren beltzentzat eta zurientzat eskola publikoetan, garraioetan, jatetxeetan, komun publikoetan eta abar, eta XX. mendeko 60ko urteen erdialdera arte egon ziren indarrean zenbait estatu eta herritan.
Misisipiko estatuan –Jackson da bertako hiriburua–, kalkuluen arabera pobreziaren atalasearen azpitik bizi da populazioaren ia %19, eta bertako biztanleen %37 inguru beltzak dira. Emakume beltzek herrialdeko nahi gabeko haurduntza tasa handiena dute, askotan pobreziak, hezkuntza gabeziak eta antisorgailuak helmenean ez izateak eraginda. Bestalde, erlijioak eta gizartearen kontserbadurismoak eragin nabaria du eskualdean, baita sektore beltz eta pobretuetan ere.
Duela urte batzuk 14 klinikak praktikatzen zituzten abortoak Misisipin. Orain klinika haietatik ez da bakar bat geratzen.
Duela urte batzuk 14 klinikak praktikatzen zituzten abortoak Misisipin. Orain, “bizitzaren alde” izena hartu duten taldeen eta TRAP legeen presioak eraginda, klinika haietatik ez da bakar bat geratzen. Haien ordez, Haurduntzako Krisialdirako Zentroak direlakoak zabaltzen ari dira, antiabortistek sustatutakoak: arraz zurikoak, erdiko klasekoak eta fededun ebanjelikoak.
Haurduntzako Krisialdirako Zentroak bertan hartzen dituzten emakumeen kalteberatasunaz baliatzen dira, nahi gabeko haurduntzari aurre egiten ari zaien emakumeak baitira, osasun zerbitzuetara eta hezkuntzara heltzeko zailtasun handiak izan ohi dituztenak, eta haiei aholkatu, moralki eta espiritualki lagundu eta haurdunaldiaren jarraipena egiten diete. Gainera, opariak eta erraztasunak eskaintzen dizkiete hazkuntzaren aurreneko hilabeteetarako. Bestalde, ohartarazi egiten diete ez dutela antisorgailurik erabili behar eta sexu abstinentzia dela nahi gabeko haurduntzak saihesteko modu bakarra.
Jacksonen agerian geratu den bezala, bibliaren gerrikoa osatzen duten estatuetan, non pobrezia eta arraza marjinazioa eta mugimendu ebanjelistak eta ultrakontserbadoreak elkarrekin bizi diren, legeak eta epaiak ez dira nahikoa haurdunaldia borondatez eteteko eskubide konstituzionala bermatzeari begira.
Filma: Jackson