Donostia Kultura
Donostiako Udala

Transexualitatea adin txikikoen artean

Haur bat jaiotzen den bakoitzean sexu bat esleitzen zaio, bere genitalen behaketan oinarrituta: zakila badu mutila "izango" da, eta bulba badu neska "izango" da. Ustez “izango” da, iragarpen bat besterik ez baita; zuzena izateko probabilitate handiko iragarpena.

b-just a normal person 2

Dena den, haurren portzentaje bat bada esleitutako sexuarekin bat ez datorren identitatearekin. Izan ere, sexu identitatea ez da organo genitaletan oinarrituta eraikitzen, ez eta kromosometan… oinarrituta ere. Sexu identitatea subjektibotasunari, autokontzientziari dagokion zerbait da, eta haurra mintzamena bereganatzen hasten denean hasten da azaleratzen, haurrak bi urte dituenetik aurrera.

Sexu identitatea subjektibotasunari, autokontzientziari dagokion zerbait da, eta haurra mintzamena bereganatzen hasten denean hasten da azaleratzen, haurrak bi urte dituenetik aurrera.

Transexualitatea ezin da diagnostikatu, identitatea diagnostikatu ezin den bezalaxe. Jakina, ez dago oker dagoen gorputzik; egotekotan, ikuspegi oker bat dago, gorputzek nolakoak izan behar duten, mutikoek nolakoak izan behar duten, neskatilek nolakoak izan behar duten irizten eta inposatzen duena. Eta, hain zuzen ere, dibertsitatea da errealitateak ematen digun oparia. Eta dibertsitate gertaera anitzen artean, zakildun neskatilak eta bulbadun mutikoak aurki ditzakegu.

Egia bada ere gero eta hobeto ezagutzen dela zer den transexualitatea, eta elkarbizitza hobeago baterantz hartu dugula bidea, esan beharra dago oraindik ere pertsona guztiak antolamendu binario baten barruan ordenatzeko premia sentitzen duela gizarteak, mutikoek (eta gizonek) nolakoak izan behar duten eta neskatilek (eta emakumeek) nolakoak izan behar duten ezartzekoa, eta sailkapen horretatik zerbaitek ihes eginez gero ondoeza edo deserosotasuna eragin diezaioke.

Hor diraute oraindik adin txikiko transexualen ongizatean ondorio zuzenak dituzten topikoek eta aurreiritziek. Eta hortxe diraute diskriminazioek ere, gizartean, legeetan, hezkuntzan, osasun zerbitzuetan, bizitza zeharo normalizatua eta euren identitatearekin bat datorrena gozatzea zailtzen dietenek.

Eta dibertsitate gertaera anitzen artean, zakildun neskatilak eta bulbadun mutikoak aurki ditzakegu.

Adin txikiko transexualek eta beren familiek ez dute kondeszendentziarik ez eta tolerantziarik ere eskatzen, errespetua baizik. Transexualitatea patologiatzat hartuko ez duen lege bat aldarrikatzen dute, askatasunez adierazitako identitatea errespetatzearen alde apustu egingo duena. Adin txikiko edozein pertsonari bere izena aldatzeko eta bere sexua dokumentazioan aipatzeko aukera emango diona, inongo diagnostikok edo tratamenduk baldintzatu gabe.

Legeen eguneratzeak eta medikuntza eta hezkuntza arloetako egokitzapenak egiteaz gain, pertsona guztioi dagokigu, eskolan, etxeetan edo kalean, haien identitatea, haien janzkera, ordezkatzen duten izena eta haien intimitatea errespetatzea.

Zeren eta neska-mutilek zakila edo bulba edukitzetik harago, ezinbestekoa baita haiei askatasunez adierazten uztea, haien sexuaren arabera, eta inork ez diezaiela jaiotzetiko genitalei sozialki esleitutako portaerak, erabilerak eta ohiturak inposatu.

Filma: Just a Normal Person / En vanlig fucking människa