Donostia Kultura
Donostiako Udala

Espektro autistaren nahasmendua

Espektro Autistaren Nahasmendua (EAN) sorburu organikoa duen nahasmendutzat jotzen bada ere, gaur egun ez dago adierazle biologiko espezifikorik pertsona batek nahasmendu hori ba ote duen zehazteko. Bere diagnostikorako parametro edo sintoma jakin batzuk erabiltzen dira, hainbat metodologiak nazioarte mailan finkatutakoak.

b-life animated 2

EAN alterazio neuroebolutibo bat da, bereziki pertsonen artean sozializatzeko, komunikatzeko eta harremanak ezartzeko gaitasunei erasaten diena. Ohiko sintoma batzuk hauek izan daitezke: elkarrekikotasun emozionalik eza, jokabide eredu oso errepikakorrak edo interes mugatuak eta obsesiboak.

Sintoma komun batzuk finkatu badaitezke ere, EANen barruan kasuen eta tipoen dibertsitate eta heterogeneotasun handia dago. Baliteke funtsezko bereizketa baten adierazlea lotutako adimen desgaitasun baten gabezia edo agerpena izatea. Izan ere, adimen desgaitasuna dutenek zailtasun handiagoak izan ohi dituzte komunikazioan, baita laguntzen premia handia ere.

EANen barruan kasuen eta tipoen dibertsitate eta heterogeneotasun handia dago.

Dena den, kalkuluen arabera, EAN duten pertsonen %50 inguruk ez dute adimen desgaitasunik, eta haien hizkuntza eta ezagutza koefizientea eta trebetasunak egokiak dira beren adinerako. Kategoria horren barruan, Asperger Sindromea duten pertsonak izango lirateke funtsezko taldea.

Kasu honetan sintomak ez dira oso agerikoak, eta motibazio sozial handiagoa izan ohi dute pertsonek, baita kanpoko laguntzen premia gutxiago ere. Hizkuntza formalaren erabilera maila altua izan dezakete, eta interakziorako gaitasun handiagoa; hala eta guztiz ere, zailtasunei egin behar izaten diete aurre hitzezkoak ez diren harremanak eta komunikazioak zuzentzen dituzten konbentzio sozialak ulertzeko. Pertsona horiek, ohi denez, portaera zurruna, errutinazkoa eta errepikakorra izan ohi dute.

Zentsu ofizialik ez badago ere, azken urteotan ziurtatu ahal izan denez, gora egin dute detektatu eta diagnostikatutako kasuak. 2015eko Autism-Europe-ren azterlan baten arabera, jaiotako 100etik bat erasaten du EAN nahasmenduetakoren batek, eta prebalentzia gizonengan 4 aldiz handiagoa da emakumeenaren aldean.

Kalkuluen arabera, EAN duten pertsonen %50 inguruk ez dute adimen desgaitasunik.

Nahasmendu honek, oraingoz, ez du sendabiderik. Hala eta guztiz ere, badira zenbait tratamendu mediko eta psikologiko, pertsona horien eta haien familien bizi kalitatea nabarmen hobetzen lagun dezaketenak.

Horregatik, gaur, apirilaren 2an, autismoari buruzko kontzientziazioaren nazioarteko egunean, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak bere elkartasuna erakutsi nahi die gaixotasun honek erasandako elkarte, familia eta pertsona guztiei, lanean dihardutenei nahasmendu hau ezagutzera eman dadin eta gizarteak mitoak eta estereotipoak bazter ditzan. Gainera, zinean zenbait aldiz islatu izan den ezbezala, ez dute beti dohainik, trebetasun berezirik edo naturaz gaindiko memoriarik. Harremanetan zailtasun maila desberdinak dituzten pertsonak dira, eta gizarteari dagokio, oro har, haiekin elkarbizitzen ikastea.

Filma: Life, Animated