Donostia Kultura
Donostiako Udala

Zergatik eta zertarako egiten dugu lan?

Bizirauteko soilik al da lana? Behar adina diru irabazteko oinarrizko premiak eta aisia betetzeko? Lanaren bidez lortu nahi ditugu identitate bat eta errekonozimendu soziala? Egia ote da lanak pertsona gisa errealizatzen gaituela?

b-la mano invisible 2

Kasu askotan, zeregin alienagarriak eta errepikakorrak egiten ditugu, edo botere eta esplotazio egoerei eusten diegu; eta, kaleratzearekin mehatxatzen gaituztenean, onartu egiten dugu egoerak bere horretan jarraitzea, lana galtzearen beldur. Are gehiago, geuk ere errepikatzen ditugu abusu horiek lanean eta gizartean gure azpitik daudela ikusten ditugun horiekin.

Egia ote da lanak pertsona gisa errealizatzen gaituela?

Kontuan hartzen ditugu akaso gure lanbidearen xedea eta gure jarduerak gizartean dituen ondorioak? Ekoizten ditugun produktuak edo zerbitzuak onuragarriak edo kaltegarriak dira gizartearentzat? Gure lanarekin elikatzen ari ote gara suntsipen eta zapalkuntza kate handiago bat? Edo, aitzitik, gizarte bidezkoago eta igualitarioago bat lortzen laguntzen ari gara?

Ondo legoke geure buruei galdera hau egitea: Sindikalismoa, lanpostuak eta lan baldintzak defendatzeko bere nahi biziak bultzatuta, eragozpide edo zailtasun bat izan daiteke ingurumenarentzat garbiagoak eta iraunkorragoak diren jarduera berrietarako edo ekoizpen moduetarako bideak urratzerakoan? Edo planteamendu kapitalista soil bat ote litzateke hau?

Garai hauetan, laugarren iraultza industriala delakoa datozen 20 urteetan lanpostuen %47 suntsitzearekin mehatxatzen ari denean, gauza izango ote gara gure jardunari behar adina balio erantsi gehitzeko, makinek, algoritmoek edo robotek gure lekua har ez dezaten?

Gauza izango ote gara gure jardunari behar adina balio erantsi gehitzeko, makinek, algoritmoek edo robotek gure lekua har ez dezaten?

Jakingo genuke lan egin gabe bizitzen? Gai izango ginateke egunean 16 ordu denbora libre kudeatzeko? Egia da oinarrizko errenta unibertsal bat izanez gero hiritarrak alferrak izango liratekeela, estuasunik gabeak? Edo euren buruak edo ingurukoak hezten eta zaintzen emango lukete denbora?

Gogoeta horietatik guztietatik harago, ordaindutako enpleguaren azpian dagoen lan erreproduktibo izugarri handia ez da ez sozialki ezta ekonomikoki ere aitortzen, eta momentuz, uko egin ezinezkoa da lan hori. Emakumeek egin eta haiei esleitzen zaien lana da, genero rolek eta sexuaren araberako lan banaketak esleitutakoa, eta horrek iraunarazten du gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna, gizartearen sostengua izaten jarraitzen duela kontuan hartuta.

Filma: La mano invisible