Donostia Kultura
Donostiako Udala

Mexiko, narkotizatua

Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak txosten bat egin zuen 2016ko martxoan. Bertan salatzen denez, indarkeria eta zigorgabetasun krisi larri bat jasaten ari da Mexiko. Txostenean aitortzen da indarkeria horrek herrialdean ezarria dagoen sisteman duela sorburua, baina adierazten duenez, narkotrafikoaren kartelen aurkako gerraren hasiera da eragilea, 2006an aurreko presidente Felipe Calderónek ekindakoa.

b-tempestad 2

Txostenak enfasi berezia jarri du desagerpen behartuetan, eta azpimarratu du informazio osatua duela Estatuko agenteen parte-hartzeari buruz desagerpen horietan, agintarien elkar aditzea edo tolerantzia tartean direla. 2014an Igualako Ayotzinapako landa-eskolako maisutzako 43 ikasleren desagerpen behartua hartu du Estatuko agenteen eta krimen antolatuaren arteko lankidetzaren erakusgarritzat, eta jokabide-eredu bat dela adierazi du. Guztira, “lokalizatu gabe” dauden 26.789 pertsonaren kopurua jasotzen da bertan.

Zigorgabetasun maila %98koa da.

Exekuzio estrajudizialak, kartzeletako eta atxiloketa zentroetako torturak, baita justizia erabiltzeko zailtasunak, eta egiaren bila dabiltzan pertsonen xaxatzea eta mehatxuak ere, zigorgabetasun egoera sorrarazi dute, estrukturaltzat jo dena. Izan ere, delitu horien %98 zigorrik gabe geratzen dira.

Mexikoko Enrique Peña Nietoren oraingo gobernuak, bere aldetik, gaitzetsi egin du txostena, eta Igualakoa kasu bakan bat besterik ez dela adierazi du.

Bitartean, erakunde sozialak, biktimen senideak, giza eskubideen defendatzaileak eta kazetariak indarkeria kasuak argitara ateratzen saiatzen ari dira, eta narkoaren eta Estatuaren arteko erlazioa agerian uzten; hala, mafien eta agintarien jomuga bihurtu dira orain.

Mexiko uzkurtuta eta izututa bizi da etenik ez duten herritarren segurtasun faltagatik eta indarkeriagatik. 2016an, 57 hilketa erregistratu ziren 24 orduro, gerran dauden herrialdeetakoak –Irak edo Afganistan– baino maila handiagoak, alegia. Baina, zergatik hainbeste indarkeria? Non du sorburua? Zein izan liteke desegiten hasteko bidea?

2016an, 57 hilketa erregistratu ziren 24 orduro, gerran dauden herrialdeetakoak –Irak edo Afganistan– baino maila handiagoak.

Galdera hauek egin genitzake: drogak Iparralderantz trafikatzen badira, zer ekartzen da horren truke? Diruarekin bakarrik edo armekin eta munizioekin ere komertziatzen da? Zergatik pasatzen dira drogak ezkutuan pertsonentzako gero eta igaroezinagoa den muga batetik? Pasatzen uzteko borondatea dagoelako izango da? Eta nork jasotzen ditu helmugara iristen direnean?

Mundu guztiak entzun badu Zetas-i, Sinaloako Kartelari edo Chapo Guzmáni buruz hitz egiten, zergatik ez dakigu ezertxo ere New Yorkeko, Miamiko edo Los Angelesko kartelei buruz? Nor dago haien atzean? Iparraldean ere ba al da elkar aditzerik kartelen eta agintarien artean?

Galdera horiek (oraindik erantzunik gabe) argibideren bat eman ahal izango ligukete Mexikoren narkotizazioa hobeto ulertzeko.

Filma: Tempestad