Donostia Kultura
Donostiako Udala

“Soinujolearen semea” filmak emango dio hasiera apirilaren 5ean Giza Eskubideen 17. Zinemaldia

Soinujolearen semea

2019.02.28

Soinujolearen semea (2018) filmak, Fernando Bernuések zuzenduak, inauguratuko du datorren apirilaren 5ean Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 17. Zinemaldia, Donostiako Udaleko Giza Eskubideak arloak eta Donostia Kulturak antolatua. Zinemaldia apirilaren 5etik 12ra izango da Victoria Eugenian ‒zinemaldiaren egoitza nagusia‒ baita hiriko beste zenbait eszenatokitan ere.

David Imazek Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen 70eko hamarkadaren erdialdean, traidoretzat hartu zuen bere jendearen gaitzespena ikustean. Kalifornian zorionaldia aurkitu arren, bere lehenaldiak zama bat izaten jarraitzen du oraindik, eta bere erru sentimenduak ez dio uzten bere bizialdiko azken egunei soseguz aurre egiten.

Joseba Altuna, txikitako bere laguna, azken agurra ematera joan zaio, eta bide batez konpondu gabeko kontuak argitzera. Aspaldi batean ez zuten elkar ikusi; garaia zen, ordea, egiari aurre egitekoa Bernardo Atxagaren nobela homonimoaren egokitzapen honetan.

Abra Prod eta Tentazioa Produkzioak euskal konpainiak dira Fernando Bernués zuzendari duen pelikula honen arduradunak. Zuzendariak, duela urte batzuk nobela antzerkira eraman zuenak, zinemara egokitu du istorioa.

Pelikulako protagonistak hauek dira: Aitor Beltrán, Iñaki Rikarte, Cristian Merchán, Bingen Elortza, Frida Palsson, José Ramón Argoitia, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Miren Arrieta eta Eneko Sagardoy.

Sortu berri den San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission lankidetzan aritu den lehenengo film luzea da Soinujolearen semea.

Filmax eta Barton Films etxeek banatua, apirilaren 12an izango du bere estreinaldi komertziala.