Giza Eskubideen 16. Zinemaldiak 761 film labur jaso ditu

Watu Wote

2018.03.26

Donostiako 16. Giza Eskubideen Zinemaldiak 761 film labur jaso ditu Nazioarteko Lehiaketan parte hartzeko. Azkeneko hautaketa 20 lan ingurukoa izango da, Gazte Epaimahaiak baloratuko dituenak.

Epaimahaia 150 gazte inguru osatzen dute, 18 eta 30 urte artekoak, eta Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari 3.000 euroko saria emateaz arduratuko dira. Apirilaren 8a arte, gazteek www.zinemaetagizaeskubideak.eus web orrian izena eman dezakete. Hurrengo egunean, apirilaren 9an zozketa egingo da.

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten Zinemaldian saio eta bestelako jarduera guztietara dohainik joateaz gain, gazte epaimahaikideek Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean (Komunikazio A+udiobisualeko gradua) eta UPV/EHUko Gipuzkoako Kanpusean kredituak (ECTS) lortzeko aukera dute.

Gainera, behin zinemaldia amaituta, diploma bat jasoko dute eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko, Victoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie. Halaber, errefuxiatu saharar kanpamentuetan egiten den Saharako Zinemaldirako (FiSahara) bi bidaia zozketatuko dira partaideen artean.

Aurtengo edizioa apirilaren 20tik 27ra izango da. Ikusleek, aurreko urteetan bezalaxe, giza eskubideen aldeko kontzientziazio eta sentsibilizazioarekin konpromisoa duten gaur egungo edota interes orokorreko gaiak jorratzen dituzten dokumentalen, pelikulen eta film laburren emanaldietara joateko aukera izango dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera antolatuko dira, besteak beste, solasaldiak, erakusketak eta lantegiak.

Iazko gazte epaimahaiak Katja Benrath zuzendutako Watu Wote film laburrari eman zion saria Nazioarteko Lehiaketan.