Donostia Kultura
Donostiako Udala

Errealitate birtuala 10 film laburrekin iritsi da Giza Eskubideen Zinemaldira

Seguir con vida: Mediterráneo

2018.04.20

Errealitate birtuala 10 film laburrekin iritsi da Giza Eskubideen Zinemaldira. Apirilaren 20a eta 22a bitartean ikusi ahal izango dira Zinemaldiko Informazio Bulegoan Victoria Eugenia Antzokian (Okendo plaza). Ordutegia: 11:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00.

Gatazken eta giza eskubideen urraketen irudi asko eta asko iristen zaizkigu, eta zenbaitetan axolagabetasuna edo sentsibilizaziorik eza eragin dezake horrek. Testuinguru horretan, errealitate birtuala eta esperientzia inmertsiboak enpatia sortzeko ikus-entzunezko tresna eraginkorrak dira, eta NBEk berak errealitate birtualeko sail bat dauka dagoeneko. Erakusketa arlo horretan egin dena agertzen duten hamar piezak osatzen dute, eta giza eskubideak lantzeko beste modu bat agertzen digu.

Erakusketa hau, Zacarías de Santiago komisario duena, lehen aldiz programatu du zinemaldiak, eta hamar film labur eskainiko ditu giza eskubideen gaiei heltzeko baliatzen den teknologia honen goraldiaren berri emanez. Bertan, munduko estreinaldiak ikusi ahal izango dira, eta baita eduki esklusiboak eta elkarteek eta GKEek egindako piezen hautaketa bat ere.

Ignacio Marínek bere azkeneko lana estreinatuko du, Profesión: niña (2018), Etiopiako herri bateko neskatila baten eguneroko bizitza latza kontatzen digun filma. Gainera, ostiralean, elkarraldi batean izango da Ignacio ikus-entzunezkoen profesionalekin errealitate birtualaz eta arlo horretan izan duen esperientziaz hitz egiteko.

Bestalde, VR plataformetan argitara atera aurretik, The Last Goodbye (2017) ikusi ahal izango dugu. Tribecako Zinemaldian estreinatua, eta Veneziatik igaro ondoren, pieza honek Majdanek-eko kontzentrazio-esparru zaharrera eramango gaitu. Bertan, bere esperientzia kontatzen du bizirik irtendako batek.

Clouds Over Sidra (2015) izan zen errealitate birtualeko lehenbiziko pieza, 2015ean ONUk enkargatua. Davoseko Foro Ekonomikoan estreinatu zen errefuxiatu siriarren arazoari buruz kontzientziatzearren, eta funtsak biltzeko izan zuen arrakasta ikusita, orain, VR sail propio bat du ONUk; bertako aholkulari da dokumentalaren zuzendaria (Gabo Arora).

Giza Eskubideen zenbait elkarterekin eta GKEekin lankidetzan, beren kanpainetan errealitate birtuala nola erabili izan duten erakutsi nahi izan du zinemaldiak. Nazioarteko Amnistiak rohingya populazioaren krisiari heldu dio Forced to Flee (2017) filmean. Mugarik gabeko Medikuak erakundeak pateretatik erreskatatu izan dituzten pertsonek bizi duten drama erakusten digu Seguir con vida: Mediterráneon (2017). Greenpeacek bere itsasontzietako batean eramango gaitu klima aldaketaren arazoa in situ ikusteko A Journey to the Arcticen (2016). Azkenik, Nazio Batuetako Populazio Funtsak Born into Exile (2017) enkargatu zuen. Bertan, errefuxiatuen esparruetan bizita, haurdun dauden emakumeek dituzten arazoen lekuko da ikuslea; Siriako gerraren biktimen kasuan, Jordanian harrera egin zaien emakume haurdunek.

Programazioa osatzeko eskainiko zaizkigu Orgullo: un documental en 360 (2017), joan den urtean Madrilgo gay harrotasunaren festan filmatua, Bashir's Dream (2017), irudi errealak eta animaziokoak nahasten dituena, eta Collisions (2016), Australiako urruneko basamortuan filmatua.

Informazio gehiago: Giza Eskubideen 16. Zinemaldia