Donostiak, Bilbok eta Gasteizek zineari eta klimaren aldaketari buruzko KlimaFest jaialdia jasoko dute

Anthropocene: The Human Epoch

2020.03.10

BERTAN BEHERA

Donostiak, Bilbok eta Gasteizek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ingurumen Kudeaketarako Ihobe Sozietate Publikoak Euskadiko Klima Aldaketaren II. Astearen, ASTEKLIMAren, barruan antolatutako KlimaFest zinemaldiaren lehen edizioa jasoko dute martxoaren 23tik 26ra. KlimaFesten lehen edizio honek, gainera, Donostia Kulturaren lankidetza du Gipuzkoan, antolakuntzan parte hartzen duen erakunde gisa.

Donostiako Antzoki Zaharrean Metamorphosis (martxoak 24) eta Anthropocene: The Human Epoch (martxoak 26) filmak proiektatuko dira 19:30etan. Bihartik aurrera, martxoak 11, antzokiko takilatik gonbidapenak hartzeko aukera izango da.

martxoak 24 / 19:30 / Antzoki Zaharra

Metamorphosis (2018). AEB. Zuzendaritza: Nova Ami, Velcrow Ripper

HIZKUNTZA: ingelesa / AZPITITULUAK: euskara

Poema bat planetarentzat. Nova Amiren eta Velcrow Ripperen film ederrak pultsua hartzen dio gure Lurrari, eta aldaketa sakoneko une baten lekuko da: mundu baten galera eta beste baten sorrera. Irudien marea izugarrien jarioaren bitartez, Metamorphosis lanak gaur egunetik etorkizunera doan bidea irekitzen du, eta gizateriarentzat eta munduarentzat ikuspegi berri eta ausarta ematen du.

martxoak 26 / 19:30 / Antzoki Zaharra

Anthropocene: The Human Epoch (2018). Kanada. Zuzendaritza: Jennifer Baichwal, Edward Burtynsky, Nicholas de Pencier

HIZKUNTZA: ingelesa / AZPITITULUAK: gaztelania

Filmak nazioarteko zientzialari talde baten (Anthropocene Working Group) ikerketa lanaren jarraipena egiten du. 10 urteko ikerketaren ondoren, Holozenoaren garaia XX. mendearen erdialdean amaitu zela agerian geratu da, Antropozeno aroari (gizakiaren aroa) bide emanez. Zineko meditazio horretan, zirraragarri bezain orekatua den argazkia, eta ingurumenarekiko kontzientziazioarekiko konpromisoa nabarmentzen dira.