Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak kanala estreinatzen du Filmin-en

Hilos de sororidad

2020.02.24

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak kanal propioa du jada Filmin barruan, pelikulen eta serieen Espainiako plataforma garrantzitsuenean.

Zinemaldi honen 18. edizioa da aurtengoa eta datorren apirilaren 23tik 30era izango da. Orain, gainera, bere kanala inauguratu berri du, non dagoeneko ikus daitezkeen zinemaldiaren aurreko edizioetan eman izan diren pelikulak –Hannah Arendt (Margarethe von Trotta, 2012), Coming Home (Zhang Yimou, 2014), Grace à Dieu (François Ozon, 2018)– baita egina duten ibilbideagatik zinemaldiak saritu dituen zinegileek zuzendutakoak ere –Salt of this Sea (Annemarie Jacir, 2008), Nostalgia de la luz (Patricio Guzmán, 2010), Love Is All (Kim Longinotto, 2014), L'Atelier (Laurent Cantet, 2017)–.

Bestalde, kanalaren barruan, euskal ekoizpenei eskainitako atalak daude –80 egunean (José Mari Goenaga eta Jon Garaño, 2010), Nagore (Helena Taberna, 2010)– eta beren lanetan gai sozialak landu dituzten emakumezko zuzendarienak –Les Glaneurs et la glaneuse (Agnès Varda, 2000), Girlhood (Céline Sciamma, 2014)–.

Kanalak estreinako aldiz emango du Filmin-en (martxoaren 23tik aurrera) Hilos de sororidad (2019) dokumentala, Eneko Olasagastik zuzendua eta joan den urteko zinemaldian estreinatua.

Pelikula horiek eta beste asko ikus daitezke jada Filmin-en: www.filmin.es/canal/festival-de-cine-y-derechos-humanos