Gipuzkoako garapenerako GKE-ek online jolas bat proposatu dute, errealitatea nola ikusten dugun jakiteko eta giza eskubideen inguruan hausnartzeko

2021.04.22

Nazioarteko lankidetzan jarduten duten 79 euskal GKE biltzen ditu Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak. Erakunde horrek online jolas bat proposatu du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren programazio ofizialean, apirilaren 23tik 30era bitartean egingo dena.

Begira TÚ online jolas bat da, erraza eta dibertigarria, quiz formatukoa. Jolasari esker, edonork jakin dezake nola begiratzen dion inguruko errealitateari, eta giza eskubideen inguruan hausnartu dezake. "Gure egunerokotasuna frenetikoa izaten da, eta, ondorioz, aurrean duguna besterik ez dugu ikusten. Hortaz, lehen begiradan ikusi dugunetik at zer dagoen jakiteko aukera galtzen dugu. Herritarrak sentsibilizatu nahi dituen ekimen honen bitartez, parte-hartzaileek jakin ahal izango dute zer dagoen gure eguneroko ekintzen atzean eta horiek zer inpaktu duten mundu osoko pertsona askoren giza eskubideetan", ekimena bultzatu duen kolektiboak dioenez.

"Jolasak 10 galdera ditu eta horien bitartez ohartu gaitezke zein gertu gauden Kongoko Errepublika Demokratikotik, zer dagoen egunero erabiltzen ditugun galtzen atzean, zein den Oscar sarien alde iluna edo zer egiten duten Gipuzkoako elkartasunak eta lurraldeko garapenerako GKE-ek mundua eraldatzeko, besteak beste", deskribatzen dute. Gainera, azpimarratu dute "jolas honen bidez parte-hartzaileek ikas ditzaketela mundua eraldatzeko edonork burutu ditzakeen eguneroko ekintzak, planetan gertatzen diren giza eskubideen urraketak, desberdinkeriak, pobrezia eta bidegabekeriak gutxiagotzeko".

Begira TÚ doako proposamen irekia da, oso aproposa giza eskubideetara eta lankidetzara hurbildu nahi duen edonorentzat, betiere ikuspegi zein narratiba berrietatik hurbiltzeko eta, noski, jolasaren bidez. Quiz-ean parte hartzera bultzatzeko Tanya de la Cruz aktorearekin egindako spot bat du, eta Zinemaldiko programazio ofizialeko saioen hasieran proiektatuko da. Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak bidezko merkataritzako produktuen bost saski zozketatuko ditu jolasean parte hartzen duten guztien artean.

Zinemaldiko katalogoan eta eskuorri ofizialean agertzen den QR kodea eskaneatuz edo honako web-orrialde hauen bidez sar daiteke jolasean:

  qr

www.labur.eus/begiratu

www.ongdeuskadi.org

www.zinemaetagizaeskubideak.eus