Montxo Armendariz eta Puy Oriak jasoko dute Giza Eskubideen 18. Zinemaldiaren Saria

Montxo Armendariz eta Puy Oria

2021.04.30

Montxo Armendariz eta Puy Oria zinegileak jasoko dute Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega gaur ostiralean, apirilak 30, 18:00etan Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.

Saria Aitor Mendizabal artista euskaldunaren biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika da.

Montxo Armendariz eta Puy Oria funtsezko figurak dira Espainian azken hamarkadetan egin den zinemaren barruan; izan ere, zinema horren historia hurbileko obra klasiko eta ezinbesteko batzuen egileak dira.

Montxo Armendarizek honako film hauek zuzendu ditu, besteak beste: Tasio (1984), 27 horas (1986), Las cartas de Alou (1990), Historias del Kronen (1995) eta Secretos del corazón (1997).

Puy Oriak produkzio-zereginak bete ditu honako film hauetan, besteak beste: ¡Dispara! (1993), La pasión turca (1994), La ley de la frontera (1996) eta Profundo carmesí (1996). Hori guztia, Armendarizekin batera Oria Films sortu aurretik. Halaber, ikus-entzunezkoen produkzioari buruzko eskolak eman ditu hainbat zentrotan, eta hainbat kargu bete ditu zenbait elkartetan. Adibidez, PIAF (Productoras Independientes Audiovisuales Federadas) elkarteko presidentea izan da azken urteetan.

1999. urtean, Oria Films sortu zuten, eta Armendarizek zuzendutako honako film hauek produzitu ziren bertan: Silencio roto (2001), Escenario móvil (2004), Obaba (2005) eta No tengas miedo (2011). Film horiekin, agerian utzi zuten gai sozial mota oro jorratzeko asmoa, memoria historikoarekiko konpromisoa eta beren garaiko eta inguruneko errealitateak kontatzeko interesa.

Hori guztia azken hamarkadetan produzitu dituzten beste obra batzuetan ere hauteman daiteke, hala nola honako hauetan: La guerrilla de la memoria (Javier Corcuera, 2002), El inmortal (Mercedes Moncada Rodríguez, 2005) eta De tu ventana a la mía (Paula Ortiz, 2011).