Irango zigor-kodearen arabera, hilketa qisekin zigortzen da, "begia begi truk" printzipioaren baliokide. Horrela, biktimaren familiek heriotza-zigorra eska dezakete. Hala ere, "odolaren prezioa" ere erabil dezakete, diyaizenez ezagutzen den lege islamikoa, konpentsazio ekonomikoa dakarrena, edo, besterik gabe, barkamena ematea.
Iran Human Rights elkarteak bildutako datuen arabera, gaur egun barkamena ematen duten edo "odolaren prezioa" aukeratzen duten familiak gehiengoa dira, heriotza-zigorra eskatzen dutenen aldean. 2019an, elkarte horrek 374 kasu identifikatu zituen; 2015ean 262 kasu izan ziren. Hortaz, handituz doa kopurua.
Human Rights Watch-ek adierazi duenez, Iranen, urteetan hedatu egin da "barkamenaren mugimendu" ezaguna, aktibistek, kazetariek eta esparru judizialean lan egiten duten pertsonek egindako lanaren ondorioz. Batez ere, adingabeengan eta senarrak hiltzeaz akusatuak izan diren emakumeengan egin dute ahalegina. Familia askok ezin dutenez "odolaren prezioa" ordaindu, aktibismoak diru-bilketa publikoetara jotzen du, non pertsona ospetsuek parte hartzen duten zenbaitetan.
Horrela, bizitzeko eskubidea diruarekin eros daiteke, eta horrek klaseen arteko desberdintasunak areagotzen ditu. Era berean, biktimen familien barkamenak eta iritzi publikoaren presioak markatzen dute zigorren norabidea, lehenik eta behin bizitzeko eskubidea bermatu beharko lukeen sistema juridiko batek ezarritakoa izan beharrean. Telebistako saioetara ere jo izan dute, orain antenatik kanpo daudenetara, akusatuari zuzentzen zaion biktimaren familiaren barkamena ikuskizun morboso bihurtzeko.