2019an, mundu osoan baieztatu izan ziren exekuzioen % 38 Iranen egin ziren, zehazki 251 gutxienez, Amnesty Internationalen datuen arabera. Txinaren ondoren, exekuzio gehien egin zituen bigarren herrialdea da. Bertako zigor-kodean heriotza-zigorra jasotzen da, diktadura teokratiko zorroztzat jo ohi den sistema politiko batekin.
Zer gertatzen da derrigorrezko soldaduska egiten duten soldaduek exekuzioetan parte hartu behar badute? Eta espetxeetako funtzionarioen eginkizunetako bat borreroa izatea bada?
Dilema morala azaleratzen ari da. Balantza kulunkan dabil hauen artean: lege-agindu bat betetzea, nagusi hierarkikoei "zor zaien obedientziaren" printzipio eztabaidatuaren babesean, edo, aitzitik, kontra egitea, objektatzea, eta askatasuna, bizi-proiektu pertsonala eta etorkizuna arriskuan jartzea edo halakoei uko egin behar izatea.
Izan ere, nahiz eta agindu hierarkikoak nahitaezkoak izan, pertsonek, beren askatasunean oinarrituta, hainbat ekintza-bide izan ditzakete. "Gizakiari dena kendu ahal zaio, gauza bat izan ezik: giza askatasunetatik azkena, nork bere jarrera aukeratzea zirkunstantzia-multzo baten aurrean, nork bere bidea erabakitzeko", zioen Viktor Frankl psikiatra ezagun eta holokaustotik bizirik irtendakoak.
Hala, adarkatu egiten dira bideak: ordenari men egitea, errepresalien beldur edo norberaren kontzientziaren gainetik jartzeagatik legea; edo, aitzitik, kontra egin eta desobeditzea, kalte konponezin bat berekin dakarren ekintza bat egin izanaren erruarekin bizitzeko ezintasunaren aurrean, eta, beraz, legearen gainetik askatasuna eta kontzientzia daudela defendatzea.
Filma:There Is No Evil