“Traidoreak” eta ETA

ETAk eta beste talde batzuek, Komando Autonomo Antikapitalistek edo DRILek, besteak beste, 837 pertsona hil eta beste milaka zauritu zituzten 1960 eta 2013 artean, Eusko Jaurlaritzak jasotako datuen arabera.

Bestalde, ETAk bere ia 60 urteko historian 3.800 militante inguru izan zituela zenbatetsi da. Batzuek alde egitea erabaki zuten, eta erakunde terroristak ez zuen barkatuko "traiziotzat" jotzen zuena.

Gaizka Fernandez Soldevilla historialariak dioenez, "gauzen ordena naturala berrezartzeko, arnegatuek beren krimen zitalak ordaindu behar zituzten. Eta ez edonola, baizik eta fenomenoaren ugalketa errotik etengo luketen zigor eredugarriekin: estigmatizazioa, bazterketa soziala, ostrazismoa, hitzezko indarkeria eta indarkeria fisikoa, eta, azken batean, hilketa".

Jazarri eta "traidoretzat" jo zituztenen artean, besteak beste, intelektualak, kazetariak, politika edo irakaskuntza arloko pertsonak zeuden, kasu askotan diktadura frankistaren aurka borroka egin zutenak erakundearen hasieran, eta erakundearekin bat ez zetozelako aldentzea erabaki zutenak.

ETAren historia osoan zehar, bere kide ohi baten aurkako krimenik ezagunenetako bat María Dolores González Katarain "Yoyes"en hilketa izan zen. ETAn erantzukizuneko kargu bat bere gain hartu zuen lehen emakumea, bere hiru urteko semearen aurrean hil zuten, Ordizian, "traizioa" egotzita.

ETAk arrasto ezabaezina utzi du euskal gizartean. Ez bakarrik haien indarkeriaren zuzeneko biktimetan, baita haien familia eta lagunartean, eta orokorrean herritarren artean ere. Belaunaldi gazteenak indarkeriak oztopatzen zuen ingurune batean hazi ziren, non mehatxuaren motibo izan zitekeen hitz egitea, eta babes-koraza bat isiltasuna. Hala eta guztiz ere, mobilizazio sozialetatik erakunde bakezaleak sortu ziren, eta gizartean sakon sartu ziren bakearen eta bizikidetzaren aldeko mezua helarazteko.

2-traidores 1

Filma:Traidores