"Haiek eskuratzen dituzte laguntza sozial guztiak, kriminalitatea handitzen dute, inbaditzen ari zaizkigu, kendu egiten digute lana". Halako esaldiak dira aurreiritzi hedatuenak beren etxeak uztera behartuta dauden edo hori egitea erabaki duten pertsonekiko; ezin baitugu ahaztu migratzea ere eskubide bat dela.
Ultraeskuinak aurreiritzi horiek baliatzen ditu diskurtso populistak eta bazterkeriazkoak hedatzeko. Eta agerikoa da izaten ari den goraldi nabarmena Europan, besteren artean Matteo Salvini buru duen Liga, Italian. Gizartean beldurra eta mesfidantza zabaltzea da haien helburua; azken batean, migratzaileekiko gorrotoaren diskurtsoa zabaltzea. Halako jarrerak oztopo bat dira kulturarteko elkarrizketa ezartzeko, zeina ezinbestekoa baiten elkar ezagutzeko, elkar aintzatesteko, berdintasun baldintzetan partekatu eta elkar bizitzeko, gizarte anitz eta plural batean.
Euskadin, Zas! Zurrumurruen Aurkako Sarea bezalako ekimenak halako aurreiritzi eta estereotipo negatiboak desegiten saiatzen ari dira, eta hartara hainbat estrategiaz baliatzen dira kulturartekotasunaren eta antirrazismoaren balioak zabaldu eta hedatzeko, eta agenda politikoan eta sozialean eragina izateko. Horrela ari da ehuntzen "zurrumurruen aurkako agenteen" sarea, gero eta handiagoa, erakunde publikoek, erakunde sozialek eta norbanakoek bultzatua. Zirimiriaren antzera barneratu nahi den sare bat da, diskriminazioa eta xenofobia prebenitzeko, bizikidetza hobetzeko eta kultur aniztasunaren ahalmena aprobetxatzeko.
Filma:A Black Jesus