EGUNERATZEA: Bertan behera geratu da Giza Eskubideen 18. Zinemaldia

Martxoa(r)en 26-(e)an, 2020 [09:00 h.]

Oharra: goizean bidaliko informazioaz gain, Jon Insausti zinegotziaren adierazpenak gehitu ditugu.

Covid-19k sortutako egoera ikusita, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak erabaki dute bertan behera uztea apirilaren 23tik 30era aurreikusita zegoen Giza Eskubideen 18. Zinemaldia. Ikastetxeentzako zinema-saioak ere ez dira egingo.

Gizarte-erantzukizunez jokatuz eta egungo mugak ikusita, zinemaldia ezin da berme osoz egin aipatutako egunetan. Dena den, antolakuntzak, orain inoiz baino gehiago, bere konpromisoa agertu nahi du pentsatzen jarriko gaituen eta aztarna utziko duen kultura eraldatzaile baten alde, giza eskubideen urraketak salatuko dituena, eta elkartasunaren zein enpatiaren aldekoa. Horregatik, berdin jarraituko du lanean urte osoan askotariko ekimenak sustatzen eta bere programazioa eskaintzen, egoerak modua ematen badu.

Gaiari buruzko Jon Insausti zinegotziaren adierazpenak hemen eskuragarri (dropbox).

Bitartean, gogora ekarri nahi dugu Zinemaldiaren ardurapeko kanal bat ireki dugula Filmin online zinemako plataformarekin lankidetzan. Bertan eskuratu ahal izango dira aurreko zinemaldietan eman diren filmak, Zinemaldiak bere ibilbideagatik saritutako zinemagileek zuzendutako izenburuak, gizarte-gaiak dituzten emakumezko errealizadoreen zinema lanak, eta euskal ekoizpenei buruzko atal bat, tartean dela Hilos de sororidad dokumentalaren estreinaldia: www.filmin.es/canal/festival-de-cine-y-derechos-humanos.

Harremana: Carlos J. Plaza (639 89 36 74)