Diktadura frankistak erregimenarekin kritikoak izan ziren apaizak ere zigortu zituen. Espainiak eta Vatikanoak 1953an adostutako konkordatuzko pribilegioei jarraikiz, abade batek zigorra ez zuen bete behar gainerako herritarrekin batera, abadietan, eliza-etxeetan edo laikoenez bestelako lekuetan baizik. Eliza-etxeetan zigorrak gauzatzeko arazoak zeudenez gero, Zamorako kartzelako pabiloi bat apaizentzat erabiltzea erabaki zen. Horrela sortu zen apaizentzako espetxe bakarra izan den Zamorako Konkordatu Kartzela. 1968tik 1976ra bitarte erabili zen.
Espetxe horretan sartu zen lehen abadea Alberto Gabikagogeaskoa izan zen, 1968an, euskal kartzeletako torturak aipatzen zituen "homilia subertsibo" batengatik. Haren atzetik, beste abade batzuk sartu ziren. Francisco Fernández Hoyos historialariaren arabera, apaiz gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak ziren, baina beste eskualde batzuetakoak ere bazeuden, hala nola Madrilekoak, Galiziakoak eta Asturiaskoak. Haietako asko isunak ez ordaintzeagatik iritsi ziren, baina haiei ere epaiketa sumarisimoak eta Ordena Publikoko Auzitegikoak egin zizkieten. Arrazoiak honako hauek izan ziren, besteak beste: errepresioaren eta torturaren salaketa, langileen eskubideen defentsa, eskubide nazionalak eta banda armatuari ustez emandako laguntza. Haietako batzuek aitortu zutenez, torturak jasan zituzten atxilotzean.
Pabiloian, apaizak baino ez zeuden, baina denak ez zeuden delitu politikoengatik. Kartzelako bizitza gogorra zen, neguko tenperatura baxuen eta udako tenperatura altuen ondorioz. Gainera, ez zuten intimitaterik, eta elikagaiak urriak ziren. Elikadura osatzeko, senideek eta lagunek bidalitako erreserbak baliatzen zituzten. Hori dela eta, zigorra kartzela "normaletan" eta gainerako preso politikoekin betetzea eskatzen zuten. Aske geratu ondoren, apaiz horietako gehienak apaizgoa utzi zuten.
2013. urtean, Argentinako Maria Servini de Cubría epaileari frankismoko krimenei buruz aurkeztutako Argentinako Kereilarekin bat egin zuten 16 apaizek. Egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko aldarrikapenek ez dute erantzunik izan.
Filma:Apaiz kartzela