Oihulari Klown antzerki-konpainia (Gipuzkoa) 1988an sortu zen, Virginia Imazen eta José Carmelo Muñozen eskutik. Denboraren joanean, konpainia clown antzerkiko eta ahozko narrazioko ikuskizunak egiten espezializatu da. Teknikoki, Oihulari Klownen lana “clown berrien” korrontean sartzen da; hots, Auguste pertsonaia tradizionala oinarri hartuta, pertsona bakoitzak bere baitan duen clownaren garapen garaikide, subjektibo eta pertsonala egitea lortu nahi du. Ororen gainetik, dibertsiotzat hartzen dute clown jolasa, zeremonian parte hartzeko gonbit baten gisa, betiere, barrearen zain etengabe.