13.509 parte-hartzaile Giza Eskubideen 18. Zinemaldian

2021.05.03

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Atalak eta Donostia Kulturak antolatutako Donostiako 18. Giza Eskubideen Zinemaldia apirilaren 23tik 30era bitartean egin da. 2020an aurreikusitako edizioa bertan behera utzi zen, eta aurten programazio osoa osasun-egoeraren ondorioz ezarritako murrizketetara egokitu da (segurtasun-neurriak, aforo mugatua, beranduenera amaitzeko ordua...). Hala eta guztiz ere, horrek ez du eragotzi proposamena kalitatezkoa, interesgarria eta konpromiso handikoa izatea.

3.827 ikus-entzule izan dira Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean, Tabakaleran eta Trueba Zinemetan banatuta egin diren zine-emanaldietan.

Urte berezi honetako edizioan ikasleentzat eskainitako hiru filmak online ikusi behar izan dituzte ikastetxeetan bertan, gida didaktikoek lagunduta. Erantzuna oso ona izan da, eta guztira 5.816 ikaslek parte hartu dute.

Bestalde, 2.777 pertsonak bisitatu zituzten astelehenera, maiatzaren 3ra, arte, antolatu diren bost erakusketak: Jane Goodall, Emakumeak Borrokan, Begirada Hurbila, AridA eta Artea eta Giza Eskubideak, haur eta gazteen 17. ekitaldia.

Azkenik, 1.089 parte-hartzailek gainerako jarduera paraleloak izan dituzte (Begira TÚ online jolasa, Eskura azokako hitzaldiak eta Jane Goodall erakusketako programa osagarria).

Guztira 13.509 ikus-entzulek parte hartu dute Zinemaldian.

Edizio honetan Aita Mari, Apaiz Kartzela eta Vidas Menores euskal ekoizpenak estreinatu dira, eta ikus-entzuleen artean oso harrera ona izan dute.

Irisgarritasunaren aldeko apustuarekin aurrera jarraitu da. Alde batetik, sail ofizialeko filma askotan zeinu-hizkuntzako interpretea eta azpititulu egokituak izan dira, eta saio bat audiodeskribapenarekin programatu da. Bestalde, film laburren saio bat programatu da Martuteneko espetxean.