Abortua guztiz debekatuta dagoen herrialdeetan ere behar da eta praktikatzen da, edo emakumearen bizitza salbatzeko edo haren osasuna babesteko bakarrik baimentzen da.
Bost herrialdek (El Salvador, Malta, Nikaragua, Dominikar Errepublika eta Vatikanoa) kasu guztietan debekatzen dute abortua, baita emakumearen osasuna arrisku larrian dagoenean ere. Herrialde horietan, abortu klandestinoa egiten zaien emakumeek kartzela-zigor gogorrak jaso ditzakete (8 urtera arteko espetxealdia).
Amnesty Internationalen kalkuluen arabera, oraindik, abortua debekatuta dagoen edo oso baldintza murritzetan bakarrik onartzen den herrialde edo estatuetan bizi dira munduko emakumeen ia erdia. Era berean, azpimarratu du "abortuari buruzko legedi murriztaile batek zigor-ingurune bat sortzen du, eta ingurune horretan sistematikoki urratzen dira emakumeen eta nesken giza eskubideak".
Azken hamarkadetan, herrialde askok beren legedia aldatu dute lege aurrerakoiagoak aldarrikatzeko. Hala eta guztiz ere, aurrerapenek geldoak izaten jarraitzen dute, eta zenbait lekutan, Nikaraguan eta El Salvadorren kasu, nabarmena da atzerakada.
El Salvadorren kasuan, lehenengo 20 asteetan abortatzen duten emakumeei 2 eta 8 urte arteko kartzela-zigorra ezar dakieke. Gainera, berezko abortuak izaten dituztenei abortu klandestinoa (giza hilketa larriagotua) egin izanaz akusatzen zaie zenbaitetan, eta horrek 30 urteko kartzela-zigorra dakar. Osasun-arloko profesionalek inplikatuta egoteko duten beldurraren eta informatzeko duten betebeharraren ondorioz, edozein jokabide susmagarri salatu behar diote poliziari. Horrek segurtasun juridikorik eza eta emakumeen kriminalizazio-egoera oso arriskutsua sortzen du.
Filma:Nuestra libertad