Hirietan eta herrietan kultura desberdinetako pertsonen nahasteak hamarkadak daramatza gizarte-politika publikoetarako erronka bat izaten. Politika horiek, herritarren artean kohesio eta bake sozialeko estrategiak bilatze aldera, kultura-aniztasuna kudeatzeko hiru ereduren artean mugitzen dira nagusiki.
Eredu asimilazionistak kultura-uniformetasuna bilatzen du, gutxiengo etnikoak kultura nagusiaren hizkuntza, arauak eta identitate-ezaugarriak hartzera eta norberarenak alde batera uztera behartuta.
Eredu interkulturalistak kulturen arteko bizikidetza bilatzen du. Kultura guztiek erlazio horizontal bat dutela defendatzen du. Jatorri desberdinetako pertsonak nahastea eta beren identitatea kultura-trukean oinarrituta eraikitzea sustatzen du.
Eredu multikulturalistak kulturen arteko bizikidetza bilatzen du. Kulturalki heterogeneoak diren pertsonek espazio fisiko edo geografiko bera partekatzea defendatzen du, baina elkarren artean harremanik izan gabe. Aniztasuna banandu egiten da (auzo italiarrak, pakistandarrak...), historikoki tokikoa den komunitatearekin trukerik egon gabe.
Ingalaterra hirugarren eredu honen prototipo gisa deskribatu izan da batzuetan. Hala ere, eredu teorikotik harantz, kultura desberdinetako auzotarren arteko harremanak emozioen eremuan ere sortzen dira, batzuetan arrazakeriak eta gorroto xenofoboak hondatuta, eta beste batzuetan bizikidetzarantz aurrera doan gizarte hibrido bat sortuta.
Erresuma Batuan, biztanleen % 13.8 atzerritarrak dira (India, Polonia, Pakistan...), migratzaileak izan zirenen ondorengoak kontuan hartu gabe, bertako kultura-aniztasunaren aitzindari.
Filma:Ali & Ava