Ugalketa-osasuna eta abortua

Urtero 73,3 milioi emakumek hartzen dute abortatzeko erabakia, nahi gabeko haurdunaldiari azkena emateko helburuarekin. Munduko lau haurdunalditik bat borondatez eteten da.

OMEren arabera, ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 40 abortuari buruzko oso lege murriztaileak dituzten herrialdeetan bizi dira, eta horietan soilik baimentzen da haurdun dagoen emakumeak arrisku larria badu, bortxatua izan bada edo intzestua gertatu bada. Polonia, Txad eta Afrikako, Hego Amerikako eta Asiako beste herrialde batzuen kasua da. Senegalen, Egipton edo El Salvadorren, zuzenean delitu gisa tipifikatzen dute, eta infantizidioagatik espetxeratzen dituzte emakumeak (Senegalgo emakumezko presoen % 20k 10 urtera arteko zigorrak betetzen dituzte arrazoi horrengatik).

Oztopo eta debeku horiek guztiek bide ematen dute munduan egiten diren abortuen % 33 (Saharaz hegoaldeko Afrikan % 77ra iristen dira) ezkutuan eta emakumeen eta nesken osasunerako arrisku-baldintzetan egitea. Abortatzeko aukerarik ez duten emakumeek beste era bateko indarkeria jasaten dute, inposatutako amatasunarekin lotua eta, kasu askotan, estigmatizatzailea.

Espainiako Estatuan 2010ean onartu zen Sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko Lege Organikoa, munduko zabalenetakoa eta aurrerakoienetakoa, emakumearen autonomia onartzen duena bere gorputzari eta amatasunari buruz erabakitzeko orduan. Hala ere, eskubide ahul bat da oraindik. Hilabete batzuez geroztik, Berdintasun Ministerioa oraingo legearen erreforma integrala prestatzen ari da, hainbat alderdi txertatzeko ‒sexu-hezkuntza, indarkeria obstetrikoa eta kontrazepzioa, besteak beste‒ eta osasun publikoan abortatzeko eskubidea bermatzeko.

2-lingui

Filma:Lingui, les liens sacrés