17.919 partehartzaile Giza Eskubideen 20. Zinemaldian

2023.05.11

Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia, hiriko Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatua, apirilaren 21etik 28ra bitartean garatu da.

9.176 ikusle bertaratu dira Zinemaldiko filmen proiekzioetara: 4.392 Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko 21 emanaldietara; 4.529 ikasle Victoria Eugenia Antzokiko goizeko 10 emanaldietara, eta 255 Tabakaleran Zinema eta memoria zikloaren barruan programatutako hiru emanaldietara.

7.995 pertsonak bisitatu dituzte antolatu diren 5 erakusketak: Malala ikasle ausarta (Aiete Kultur Etxea, ekainaren 11ra arte irekia), Carmen Castillo, Txileko erbesteratu bat (Okendo Kultur Etxea), Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen 19. ekitaldia (Victoria Eugenia Antzokia), Tetuan. Kanpoaldea/Barnealdea-eguna (Liburutegi Nagusia) eta Ángeles de la guarda (Lugaritz Kultur Etxea).

Gainerako jardueretan 748 pertsonak parte hartu dute, hauetan hain zuzen ere: Esna TÚ online jokoa, maiatzaren 21era arte aktibo; Carmen Castilloren hitzaldia eta bisita gidatua Okendo Kultur Etxean, eta Nazima Nezrabi epaile afganiarraren hitzaldia San Telmon.

Guztira 17.919 ikuslek parte hartu dute Zinemaldian.

20 edizio beteak dituela, zinemaldiak bere formatua aurkitu du, alderdi kuantitatiboaren alde baino alderdi kualitatiboaren alde apustu argia eginez, ondokoetan lanean jarraitzeko: ekarpen esanguratsua egiten duten zinemagileen eta adituen bisita, irisgarritasuna eta inklusioa maila guztietan, eta lan pedagogikoa haurtzarotik hasita, besteren artean. Betiere, eskaintzen dituen filmetan kalitate zinematografikoaren eta edukien indarraren artean aurkitu nahian oreka.