Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak jasoko du 2022ko Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria

2022.04.07

E. F. A. Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak jasoko du Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 8, 20:00etan Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.

Saharan ia ez zegoen zinemarik 2003an FiSahara lurreratu zenean errefuxiatuen kanpamentuetan; espejismo antzeko bat izan zen basamortuan, 35 milimetroko proiektoreekin, zinemagile, kazetari eta bisitariez betetako bi hegazkinekin, eta garai hartan ia ezinezkoa zirudien amets batekin: 1975etik erbestean bizi diren sahararrei zinema eramatea.

Hala, orain errealitate bihurtutako amets hartatik jaio zen duela hamar urte Abidin Kaid Saleh Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskola Bojadorreko kanpamenduan; saharar zinemagileen lehenengo belaunaldia osatzen du, eta arte berri bat sortu du: Mendebaldeko Saharako zinematografia autoktonoa.

Saria Aitor Mendizabal artista euskaldunaren biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika da.

FiSaharako tailerretatik jaiotako hasierako lanetatik gaur arte, hainbat eta hainbat film labur ekoiztu dituzte Saharako zinemagile gazteek, eta ikuspegi propio batekin kontatzen dituzte istorioak. Berebiziko garrantzia duten gaiei heltzen diete: gazteen langabezia, osasunaren prekarietatea, memoria historikoa, edertasun kanonak, depresioa edo Internetekiko adikzioa. Gainera, Solar Cinema Western Sahara beren zinema mugikorrarekin, eskolak urte osoan zehar eramaten du zinema kanpamendu guztietara.

Zinema ez da bakarrik sortzeko aukera amaigabeak eskaintzen dituen arte berri bat. Sahararrentzat ezinbesteko tresna bihurtu da beren kultura zaindu eta transmititzeko eta beren borroka ikusarazteko; bakearen kulturarako bidea argitzen du eta ildo bat ere eskaintzen die bizitzan itxaropena galdu dutenei.