“Afrotopia" erakusketa Aiete Kultur Etxean

2022.04.06

Afrika Behar Beharrezkoak, Bakerako Lankidetza Batzarreak, Proclade Yanapayk eta Tau Fundazioak osatutako partzuergoak, Afrotopia: Etorkizunez betetako kontinente baten begiradak eta ametsak argazki erakusketa antolatu du; Senegal, Niger eta Maliko 35 gaztek (12 emakume eta 23 gizon) parte hartzen duten proiektua, Héctor Mediavilla argazkilariak zuzendua.

Irudiak Aiete Kultur Etxean egongo dira ikusgai Giza Eskubideen 19. Zinemaldiaren barruan, eta apirilaren 1etik ekainaren 26ra bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa.

Proiektua 12 emakume argazkilari eta 23 gizon argazkilari gaztek egindako lanak erakustean datza, Dakarren (Senegal), Niameyn (Niger) eta Bamakon (Mali) Héctor Mediavillak diseinatu eta emandako hiru tailerretatik sortuak.

Erakusketak, 58 argazkik osatuak, 2016an Ferlwine Sarrek Afrotopia bere obran lehen aldiz erabilitako terminoa berreskuratu eta defendatzen du; kontzeptu horren bitartez Afrikako kontinentea begiratzeko modu berri bat proposatzen du hark. Sarrek Afrikari buruz hausnarketa bat egitera gonbidatzen gaitu, eta utopia aktibo bat proposatzen digu, non bere proiektu propioa garatzen duen kontinenteak, bere etorkizunaren ikuspegi propio batekin, ekintza egokia ahalbidetzea helburu hartuta, oraingo paradigma birpentsatuta eta kanpotik inposatutako parametroetatik aldenduta.

Afrotopiak aurkezten duen erakusketa kolektiboa kontzeptu horretan oinarritzen da, eta erantzun ere egiten dio, beren argazki lanen bidez afrikar gazteek gai hauei buruzko hausnarketa bat egitera gonbidatuz: ingurumena, jasangarritasuna, globalizazioa, emakumeen rola gizartean, gazteen ametsak eta asmoak, eta tradizioa.

Héctor Mediavilla argazkilaria, errealizadorea, prestatzailea, komisarioa eta partaidetzazko argazkilaritzan aditua da. Hainbat hedabidetan argitaratu ditu bere lanak, bestea beste, hauetan: Colors, Geo, New York Times, El País, Time, Esquire, Gatopardo eta XXI. Mundu osoan zehar egin ditu erakusketak, esaterako, Guggenheim Bilbao Museoan, Atlantako High Museum of Art-en eta Kinshasako Institutu Frantsesean. Gainera, argazkilaritzari buruzko hausnarketak egiteko tailerretan eta azterketa dekolonialetan parte hartzen du.

Hitz hauekin kontatzen digu proiektuaren esperientzia eta helburua: "Afrikako utopiari buruzko hausnarketa egitea zen proposamena. Utopia hori, batez ere, pentsamendua deskolonizatzean, historia deskolonizatzean datza, eta afrikarrek, Mendebaldetik eredu bat inportatu edo inposatu beharrean, beren etorkizunak zein izan behar duen ikusi eta proposatzeko aukera izatea, beren errealitate propioak kontuan hartuta".