Gizarte modernoek azken aldiko agenda politiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletan sartu dituzte pertsonen beharrak, beren dibertsitate funtzionalaren ondorioz nolabaiteko desabantaila edo desberdintasuna duten haienak. Ezinbestekoa da herritarren zati horren eskubideak bermatzea (Espainiako Estatuan 4,4 milioi pertsona ziren 2022an; % 59, emakumeak) gizartearen partehartze osoa lortzeko.
Kirol egokituak bikain erantzuten die logika inklusiboei, jolas moduan, terapia gisa edo lehiatzeko. Izan ere, 1940ko hamarkadaren amaieran, Ludwig Guttman doktoreak, errehabilitazio fisiko eta psikologikoko prozesuetan, kirola zein eraginkorra den deskubritu eta Bigarren Mundu Gerran zauritutako soldaduekin erabili zuen. Horrela sortu zen, besteak beste, gurpil-aulkiko saskibaloia, kirol hedatuenetako bat programa paralinpikoan. Gaur egun, 80 herrialde baino gehiagotan praktikatzen da.
Gurpil-aulkiko saskibaloiko lehenengo lehiaketa paralinpikoa 1960an egin zen, Erromako Joko Paralinpikoetan, gerrak bertan behera utzitako Joko Olinpikoak berriro inauguratu eta handik 12 urtera. Espezialitate honetan, 1968ko Tel Aviveko Jokoetan lehiatu ziren aurreneko aldiz emakumeak.
2020ko Tokioko Joko Paralinpikoetan, Espainiako emakumezkoen saskibaloi selekzioak 8. postua lortu zuen. Tokioren aurretik, Bartzelona 92ko Joko Paralinpikoetan bakarrik parte hartu zuen, herrialde anfitrioi gisa. 2021eko abenduan, selekzioak mugarria jarri zuen bere lehenengo domina, brontzea, Madrilgo Europako Txapelketan eskuratu zuenean.
Filma:Cabeza y corazón