20 urte bete dira Txilen ustelkeriaren eta adingabeen sexu-esplotazioaren eskandalu handienetako bat piztu zenetik. 2003an atera zen argitara, Spiniak kasua izenarekin –Claudio Spiniak enpresariaren izena hartuta–. Enpresari hau sare baten buru zen, harrera-zentroetan eta auzo behartsuetan egoera ahulean zeuden haur eta nerabeak errekrutatu eta prostituitu egiten zituena gizon boteretsuekin festetan. Haien artean hainbat politikari zeuden inplikatuta bezero gisa. Izan ere, telebistako elkarrizketa batean neska adingabe batek salatu zuenez, Txileko parlamentari baten abusuak jasan zituen. Gerora, politikari hura kondenatua izan ez bazen ere, neskak lekukotza faltsutu zuelako, eskandalu hark biziki hunkitu zuen iritzi publikoa.
Zoritxarrez, Spiniak kasua ez da bakarra. AEBn, Jeffrey Epstein aberatsa, Donald Trumpen eta Andres printzearen laguna, atxilotu egin zuten 2008an eta 2019an, neskekin trafikatzea eta sexu-abusuak egitea egotzita. Gainera, ordaindu egiten zieten leku behartsuetan beste neska nerabe batzuk bila zitzaten, esklabo sexualak izateko erregetzako kideentzat, politikarientzat, enpresarientzat...
Italian, oihartzun handia izan zuen Silvio Berlusconi buruzagiaren aurkako Ruby auziak; adingabeekin zituen orgiengatik eta guateque pribatuengatik salatua. Horietako batean, Txekiako lehen ministro ohiari, Mirek Topolaneki, argazkiak atera zizkioten biluzik.
Adingabeen sexu-abusuen kasu horiek eta beste batzuek, ia herrialde guztietan gertatzen direnek, egiturazko krisi global bat adierazten dute eta, horren aurrean, premiazkoa da legeriaren, politiken eta ekintza-protokoloen bidez erantzutea abusu horien eta botere politiko eta ekonomikoen zigorgabetasunaren aurka.
Filma:Blanquita