"Harkiak": Aljeriako eta Frantziako historian ahaztutakoak

132 urtez Frantziaren kolonia izan ondoren, 1962an Aljeriak independentzia lortu zuen, 1954an hasitako gerra odoltsu baten ondoren. Alde batean, independentistak borrokan ari ziren Aljeriak Frantziako lurralde subirano izateari utz ziezaion. Beste aldean militar frantsesak zeuden, Aljerian bizi ziren hainbat belaunalditako ehunka mila kolono frantsesen aldean, Aljeriako lurraldea jada eurena zela aldarrikatzen zutenak. 8 urteko gerra, tortura eta heriotzen ondoren, Frantziak independentzia onartu zion Aljeriari, Eviango Akordioen bidez. Akordio horiek konpondu ez zituzten zauri ugarien artean, harkiak izenekoenak irekita daude oraindik.

Garai kolonialean –funtzionario gisa, enpresa frantsesetako langile gisa…– edo gatazka aldian Frantziako Gobernuarekin lankidetzan jardundako aljeriarrei harkiak izena eman zitzaien. Izen hori arabierazko haraka hitzetik dator, mugimendua esan nahi duena, nahiz eta herri hizkeran traidorearen sinonimo izan.

Independentziaren ondoren Aljeriako soldadu ohiek harki ugari epaitu eta hil zituzten. Bestetik, hamarnaka mila harki erbesteratu ziren Frantzian, eta errefuxiatuen kanpamenduetan hartu eta, nolabait ere, deserriratu egin zituzten. Horrela, Frantziak abandonaturik eta Aljeriak bazterturik, Alice Zeniter idazleak harkien eta haien ondorengoen integrazio eta errekonozimendu arazoak erretratatu zituen El arte de perder liburuan.

2021eko irailean, Frantziako presidente Macronek, utzikeria horrengatik barkamena eskatu ondoren, hainbat hamarkadatan bidegabeki ahaztutako pertsona horientzako erreparazio lege bat agindu zuen.

2-les harkis

Filma:Les Harkis