Osasun mentala, konpondu gabeko arazoa

Buru Osasuna Euskadi elkarteak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 227.775 etxetan gutxienez, osasun mentaleko arazoren bat duen pertsonaren bat bizi da. Familia horien ongizatea lortzeko, oraindik dauden oztopoak eta estigmak ezabatu behar dira. Baina, batez ere, erakundeek osasun mentalaren arretarako estrategiak ezarri behar dituzte, kalitate-estandar altuetan oinarrituta, gaixotasun mentalen arretan, prebentzioan eta detekzio goiztiarrean laguntzeko.

Egia da gaixotasun horien kontzientziazioan eta aintzatespenean emandako aurrerapausoek bidea arindu dutela. Eta egia da ere erakundeak ahaleginak egiten ari direla osasun mentalari modu egokiago batean heltzeko, Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen 2023-2028 Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiak erakutsi bezala. Hala ere, oraindik asko dago egiteko. Izan ere, Osasun mentalarekin lotutako eremu askotan oraindik ere kritikatzen da baliabideen urritasuna eta baliabide horiek ekimen pribatuaren esku uzteko gero eta joera handiagoa.

Pandemiak erakutsi digu beharrezkoa dela osasun publikoaren eraldaketa sakona, orainaldira egokitzeko eta gure osasun arazo guztiei erantzun egokia emateko. Azkar bizi gara, eta gero eta exijentzia eta mehatxu gehiagoren pean, eta horrek eragin zuzena du gugan. Psikiatrian eta psikologian espezializatutako profesional gehiago behar ditugu, baina, batez ere, osasun mentalari dagokionez osasun sistema sendoa behar dugu. Zoritxarrez, gaur egun, oraindik konpondu gabeko arazoa.

Argazkia: © Penelope Chauvelot

2 etat_limite_penelope_chauvelot

Filma:État limite