Emakumeen aurkako sexu-indarkeria gerrako arma gisa erabiltzea ezaugarri izan da, eta oraindik ere hala da, munduko gatazka armatuetan. NBEk kategoria horretan sartzen ditu bortxaketa, esklabotza sexuala, GIBarekin nahita eragindako infekzioa, mutilazioa, prostituzio behartua, neskatoen ezkontzak... Praktika horietan, konkistaren, kolonizazioaren eta erabateko suntsipenaren lurraldetzat hartzen dira emakumeen gorputzak.
Konta ezin ahalak dira horren erakusgarriak historian, baita gaur egun ere: emakume esklabo sexualak japoniar armadarentzat Bigarren Mundu Gerran; sexu-indarkeriaren ehunka mila biktima 1971ko Bangladeshen; Bosniako gerran, Rwandako genozidioan. Oraintsuago: Kongon, Sudanen, Nigerian, Yemenen, Sirian, Libanon, Kolonbian, Myanmarren. Iraken, 2014an, baita geroago ere, Estatu Islamikoak (ISIS) 7.000 neska eta emakume yazidiar bahitu zituen, esklabo bihurtu zituen, bortxatu eta torturatu egin zituen, eta trauma eta ondorio sendaezinak eragin zizkien, erreskatatuak izandakoak eta beren komunitatera itzuli ahal izan zirenak barne.
Arauz, 1990eko hamarkadaren amaiera arte ez zituzten nazioarteko zigor-auzitegiek emakumeak gerraren biktimatzat hartu. 2008an, NBEko Segurtasun Kontseiluak sexu-indarkeriari buruzko berariazko lehen ebazpena (1.820) onartu zuen. Era berean, asilorako nazioarteko eskubidean aurrerapausoak eman dira indarkeria hau jazarpen motibotzat aitortzeko bidean. Oraintsu, 2024ko urtarrilaren 16an, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epai batek nazioarteko babesa aintzatesten du beren jatorrizko herrialdean sexu-indarkeriaren arriskuaren pean dauden emakumeentzat.
Filma:Mediha