Tiberiades lakua Galilea eskualdean dago, gaur egun Israelen okupazioaren pean. 1948. urtera arte biztanle gehienak palestinarrak ziren. Iparraldean Libano du mugakide, hegoaldean Jordania, eta ekialdean Siria. Israelgo okupazioaren ondoren, herrialde horietara lekualdatu zuten bertako biztanleria palestinarra.
Martxoaren 8an, Emakumearen Egunean, hainbat manifestu feministek eman dute eremu horretako eta Palestinako beste leku batzuetako emakumeen egoeraren berri. Palestinako emakumeengan izan dituzten eta orain inoiz baino gehiago dituzten ondorio oso larriak salatu dira: 75 urteko okupazioa eta militarizazioa, erasoen gorakada, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen aurkako blokeo eta segregazio politika israeldarrak. Horri gehitu behar zaio emakume errefuxiatuen eta erbesteratuen kopurua; emakume horiei beren etxeetara itzultzeko eskubidea ukatu zaie, eta errefuxiatuen populazio zaharrena dira munduan.
Palestinako emakumeak oro har, alde egin behar izan zutenak eta bertan geratu zirenak ere, erresistentziaren eta erresilientziaren sinbolo dira. Orain arte, Palestinako identitate kulturala belaunaldiz belaunaldi iraunarazteaz, bizitzari eusteaz eta biziraupen estrategiak ehuntzeaz arduratu dira zitalkeriaren erdian, etengabeko zapalkuntza eta diskriminazioa jasan arren, bai eremu publikoan, bai pribatuan, indarkeriaren continuum batean.
2023ko urriaren 7tik, Gazako zerrenda suntsitzen ari den genozidioaren ondorioz, emakume horietatik 8.800 hil dira. Baita 13.230 adingabe ere. Guztira, 30.000 bizitza palestinar baino gehiago ezabatu dituzte, Gazako Osasun Ministerioak 2024ko martxoaren 1ean emandako datuen arabera.
Filma:Bye Bye Tiberias