Serbiaren oraintsuko historia ulertzeko Bigarren Mundu Gerraren amaierara jo behar da, 1945ean Jugoslavia sei errepublikak (Serbia, Kroazia, Bosnia eta Herzegovinaz gain, Montenegro, Mazedonia eta Eslovenia) eta bi eskualde autonomok (Voivodina eta Kosovo) osatutako federazio sozialista gisa berrantolatu zenean. Josip Broz “Tito” federazio horretako presidente komunistak talde etniko aintzak batuta mantendu zituen hainbat hamarkadatan; bere heriotzarekin batera, ordea, eztanda independentistek Jugoslavia desegitera eraman zuten 1990eko hamarkadan.
Gerra garai hartan, Slobodan Milošević serbiar presidentea, “Balkanetako harakina” goitizenez ezaguna, serbiarren nagusitasuna inposatzen saiatu zen serbiarrak zeuden edozein lurraldetan. Bere eldarnio ultranazionalistak 200.000 hildako, 2-3 milioi desplazatu, eta bortxaketa, tortura eta desagertze ugari utzi zituen.
1996an, Daytongo Akordioen osteko bake prozesu hauskorraren testuinguruan, udal hauteskundeak egin ziren Serbia, Montenegro, Kosovo eta Voivodinan. SPCk, Miloševićen alderdiak, hiri populatuenetan hauteskundeak galdu zituen, Belgrad barne. Miloševićek baliogabetu egin zituen hauteskundeak eta, hilabeteetan zehar, herritarren ehunka manifestaziok salatu zituzten hauteskunde iruzurra eta gobernatzen zuten eliteen ustelkeria. Segurtasun indarrek protestak gogor zapaldu bazituzten ere, Miloševićek bere porrota onartu behar izan zuen. Hala, Belgraden eta beste hiri batzuen, oposizioko Zajedno koalizioaren eskuetara pasatu zen gobernua.
Miloševićen amaieraren hasiera izan zen hura. 2001eko ekainean atxilotu eta Hagara eraman zuten gizateriaren aurkako krimenengatik epaitua izateko.
Argazkia: © KinoElektron - Easy Riders Films
Filma:Lost Country