Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

Aurkezpena

Udaletxetik, baloreetan hezten duen hiria eraikitzeko ari gara lanean, ideia guztiak errespetatu eta duen aniztasunarekin aberastuko den hiria. Testuinguru horretan, Zinea eta Giza Eskubideen IV. Topaketak proposamen erakargarria dira, “Donostia, Bakearen Kulturarako gune” programaren barruan Giza Eskubideak urratzen diren egoera ugarien aurrean hiritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea helburu duena.

Donostia Kulturak eta Gazteria, Hezkuntza, Lankidetza eta Giza Eskubideen Udal Arloak batera egindako ahaleginari eta publikoaren aldetik izandako harrera onari esker, Zinea eta Giza Eskubideen Topaketen IV. edizioa aurkezten dizuegu orain. Gure hirian oso preziatua eta tradizio handikoa da zinea, eta adierazpide horretaz baliatzen gara beste balore batzuen artean elkartasuna, aukera berdintasuna, bizitzarekiko errespetua, bakea eta askatasuna sustatzeko asmotan.

IV. Topaketak martxoaren 24tik 31ra bitartean garatuko dira Antzoki Zaharrean eta gaurkotasun handiko hainbat gai aztertuko dituzte, besteak beste, immigrazioa, gizartearen aniztasuna eta ondorioak, GIB/HIESak sortutako estigmak, urritasun fisiko edo psikikoren batekin bizitzeko zailtasuna edo tratu txarrak. Arazo eta errealitate horiek aztergai izango dira dokumentaletan eta pelikuletan, kasu askotan aurre-estreinaldiak izanik edo nazioarteko izen handiko zinemaldietan saritutako lanak.

Bestalde, ikastetxeetarako proiekzioak eskainiko ditugu, haurrak eta gazteak Giza Eskubideetan hezteko funtsezkotzat jotzen dugulako.

Ziklo Berezi bat ere inauguratuko dugu, aurten Latinoamerikari eskainiko zaiona, kulturaren ikuspegitik gugandik gertu dagoen herrialdea baita; diktadura, gerra zibila eta emigrazioa guk lehenaldian bizi izandako errealitateak dira, Latinoamerikan erabateko gaurkotasuna adierazten dutenak, ordea.

Beste nobedade batzuen artean, gazte donostiarrek osatutako epaimahaiaren iritzia izango da bat, laugarren edizio
honetan estreinatuko dugun lehiaketako film labur onena sarituko duten gazteen iritzia, alegia.

Urtez urte ari gara hazten ahalik eta publiko handiagoarengana hurbiltzeko asmoz lantzen ditugun jarduerei eta hizkuntzei dagokienez. Hala, ikus-entzunezko adierazpideari dantza gehitu zaio, Down sindromea duten dantzariez osatutako Verdini Dantza Taldearen lan berriaren estreinaldiarekin; baita Gervasio Sánchez eta Ricardo Caleroren eskulturak, formak eta argazkiak ere, San Telmo Museoan ikusi ahal izango ditugunak injustizia aditzera emanez; eta, jakina, hitza ere. Aurreko edizioetan bezala, proiekzio bakoitza amaitu eta gero solasaldia izango da; nahi duenak parte hartu ahal izango du solasaldi horietan, eta GKEek, filmen zuzendariek eta protagonistek eta aztergai diren gaietan aditu direnek, arazoari buruz duten ikuspegia adieraziko dute publikoarekin partekatzeko.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Lankidetzako Estatu Idazkaritzari eta erakundearen titular den Leire Pajín andreari, Atzerri Arazoetako Ministerioaren Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECI) eman digun dirulaguntzagatik eta gainerako erakundeen eta GKEen lankidetzagatik, aurten ere Zinea eta Giza Eskubideen Topaketak gauzatzea ahalbidetu dutelako.

Pixkanaka, Topaketak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira eta hiritarren aldetik duten harrera ona ikusita proiektu berrietan pentsatzen jarraitzera animatzen gaitu.

Gure helburua hauxe da, Topaketa hauek Donostia “zinezko” hiri gisa eta bakearekin eta giza eskubideekin konpromisoa hartutako hiri gisa identifikatuko duten ikurretako bat izatea.

Ongi etorri beroena Topaketa hauei.

Donostiako Alkatea