Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

HIES: DISKRIMINAZIOAREN AURKAKO BORROKA

1981ean gaixotasuna lehenengo aldiz diagnostikatu zenetik 25 urte igaro direnean, mundu guztian 40 milioi pertsonak zuten GIB birusa 2005ean. Tratamendu antirretrobiraletara heltzeko aukera gero eta handiagoa izan arren eta prebentzio kanpainak hedatu badira ere, lehengo urtean 3 milioitik gora pertsona hil ziren epidemiak jota, horietatik milioi erdia haurrak izanik. Osasunaren Munduko Erakundeak ohartarazi duenez, gaixotasunaren hedadura maila handienean gaude, lehengo urtean 5 milioi pertsona kutsatu zirela kontuan hartuta.

Gaixotasuna hedatzearekin batera, tratamendu antirretrobiralek nabarmen hobetu dute GIB eramaile diren pertsonen bizi-kalitatea, eta haien bizi-itxaropena handitu dute. Gainera, zientziari esker kideren bat seropositiboa den bikoteek seme-alaba osasuntsuak izan ditzakete semena garbituz edo fetuaren odola amarenarekin kontaktuan egotea saihestuz.

Hala ere, daturik kezkagarriena da behar duten pazienteen %1,5ak bakarrik duela helmenean tratamendu antirretrobirala. Herrialde garatuenetako populazio seropositiboaren artean hedatuta daude sendagaiak eta, Argentinan, Brasilen, Txilen eta Kuban pertsona kutsatuen %80ak hartzen baditu ere, asko jota Afrikako hamar biztanletik batek eta Asiako zazpi biztanletik batek jaso zuten tratamendua 2005ean.

NBEk 2010erako helburutzat duen tratamenduaren unibertsalizazioaz gain eta GIB/HIESaren aurkako neurri posible bakar gisa prebentzio kanpainak globalizatzearekin batera, OME arazo berri bati aurre egiten ari zaio. GIBaren gaineko sentsibilizazio eta ezagutza faltak eraginda estigma sortu da infekzioaren inguruan, askotan gaixotasunaren errudun bat asmatzeko premia elikatzen duena. Zenbait herrialdetan homosexualen kolektiboarekin gertatu da hori, eta Afrikako eskualde batzuetan kutsadura zuriek banatutako preserbatiboek eragiten dutelako zurrumurrua zabaldu da.

Estigmaren sorburua beldurra da, baita HIESa sexu-harremanekin, heriotzarekin eta jokabide jakin batzuekin lotzea ere, munduko leku askotan debekatuta dauden edo tabutzat hartzen diren jokabideak izanik, besteak beste ezkondu aurreko edo ezkontzaz kanpoko sexu-harremanak, prostituzioa, homosexualtasuna edo zain barneko drogen kontsumoa. Ezjakintasunak marjinatu egiten ditu GIB birusa duten pertsonak, eta prebentziorako ahaleginetan berebiziko garrantzia duen eginkizuna betetzeko asmoa kentzen die burutik kasu askotan.

            NBEHIES/OMEk batera egindako azkeneko txostenak agerian utzi du nazioartean gaixotasunari erantzun integrala emateko tratamendu eta prebentziorako ahaleginak aldi berean bizkortzearen premia. Dena den, GIB birusaren hedapena kontrolatzeko edozein iniziatiba hartzeko garaian, OMEren esanetan, erabakitasun handiagoaz aurre egin behar zaie epidemia elikatzen duten faktoreei, horien artean, estigmari, diskriminazioari, sexuagatiko desberdintasunari eta Giza Eskubideak urratzen direneko beste egoera batzuei.