Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

FAMILIA EREDU BERRIAK

Zuzenbide arloan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna adierazi zenetik, azkenaldiko mugimendu sozialek eta politikoek babestuta, gizon batek eta emakume batek eratutako familia nuklearra ez da gure gizartean nahitaez jarraitu beharreko eredua. Izan ere, maiz aurkituko dugu orain familia terminoa honela definituta: “Ahaidetasun hurbilak lotzen dituen kideen multzoa, berez etxe berean bizi direnak”, sexua edo egoera zibila kontuan hartu gabe.

Bestalde, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak hauxe biltzen du: “Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan eskusartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere”. Gainera, hauxe dio: “Nornahik du eskusartze edo eraso horien aurka legezko babesa izateko eskubidea”. Kontsiderazio horiei Espainiako Konstituzioak ezartzen duena gehitzen badiegu, hau da, “hiritarrak berdinak dira legearen aurrean, eta ezin du inolako diskriminaziorik egon jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein baldintza edo zirkunstantzia pertsonal edo sozialagatik”, dirudienez argi dago familia bat eratzeko pertsonek askatasunez sortutako edozein baturari errespetua zor zaiola.

Familia eredu tradizionalak lehen zuen hegemonia galdu du Dibortzioaren Legea onetsi zenetik, 1981era arte behin betiko indarrean sartu ez zen legea izanik. Duela 25 urte famili instituzioaren amaiera iragarri zuten; hala eta guztiz ere, Lege horrek (30/1981, uztailaren 7koak), nahikoa ez bazen ere, bikoteen arteko harreman jasanezinak apurtzeko balio izan zuen, baita ezkontza harremanak ondo irten ez ziren kasuetan senar-emazteek beren bizitzak berregin ahal izateko ere. Hala, familia desberdinak sortu ziren, besteak beste, guraso bakarrekoak (gehienak amak seme-alabekin), berriz eratutako familiak, aurreko ezkontidearekin izandako seme-alabak berekin ekartzen dituzten bikoteak edo baita izatezko baturak ere.

Emakumeek lan-merkatuan parte hartzeak ekonomikoki independente izateko aukera eman zien, eta laguntza bidezko ugalketa tekniken aurrerapenei esker emakume batzuek amatasunari beren kasa aurre egitea erabaki zuten.

Bidaiatzeko aukerak gero eta handiagoak direnez, mestizajea ere gero eta hedatuagoa dago. Orain ez da harritzekoa bikote bat erlijio, arraza edo baldintza sozial desberdina duten pertsonek osatuta egotea. Gainerako herrialdeekiko harreman faboragarriek ere adoptatzeko tramiteak erraztu dituzte.

Gainera, lege batzuk gizartearen aldaketetara egokitu izanaren eraginez, kolektibo ugarik, esaterako feministen taldeek eta homosexualen elkarteek, ozenago hitz egin ahal izan dute beren eskubide zibilen eta askatasunen alde. Errebindikazio horien ondorioz, diskriminazioaren aurkako arau batzuk atera dira. Horren adibide dugu lesbianei eta gayi ezkontzea ahalbidetzen dien legea, duela gutxi onetsitakoa. Hala, sexu bereko pertsonek eratutako familiak sortu dira, adin txikikoak adoptatzeko garaian mugak dituzten arren.

Azken finean helburua hauxe da, hiritar guztien eskubideak eraginkortasunez babestea lortzea. Famili eredu desberdinen normalizaziorako joera antzematen da, lortu behar den zerbait, alegia. “Normal” kontzeptutik urruntzea eta bizi garen gizartearen zirkunstantzietara egokitzea.

Azken batean, gure seme-alabak jatorri etniko edo sinesbide erlijioso desberdina duten ikasleekin batera daude ikasgeletan, edo sexu bereko bi pertsonak eratutako familia dutenekin, adibidez. Errealitate horren aurrean ezinbestekoa da gizartearen aniztasuna errespetatuz heztea.