Giza Eskubideen 23. Zinemaldia apirilaren 23ik 30ra bitartean garatuko da
Palestinako historia, migrazioak eta errefuxiatuen egoera munduko hainbat lekutan, haurren osasuna, emakumeen zeregina erlijioetan, Afrikako haur soldaduak, mobilizazio sozialen indarra eta ehungintzaren industriako prekarizazioa izango dira gaietako batzuk zinemaldiko filmetan eta solasaldietan.
Palestine 36 (2025) filmak, 2019ko Zinemaldiaren Saria jaso zuen Annemarie Jacir zinemagile palestinarrak zuzenduak, inauguratuko du apirilaren 23an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia, Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatuta.
Max Walker-Silvermanek zuzendutako Rebuilding (2025) film estatubatuarrak itxiko du zinemaldia apirilaren 30ean Victoria Eugenian, film luze eta laburren sariak banatuko diren gala batean.
Zinemaldiaren itxierako ekitaldian ere, Imanol Uribe zinemagileak bere ibilbide osoaren sari berezia jasoko du.
Filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira. Emanaldi batzuk Antzoki Zaharrean egingo dira, besteak beste, Zinema eta Biktimologia III. Zikloan sartzen diren bi filmak. Tabakaleran lau film proiektatuko dira, hiru Zinema eta Memoria zikloan eta laugarrena Euskadiko Filmategiak antolatutako saio berezi batean. Aurten, guztira, 35 herrialdetako 46 film programatu dira (27 film luze eta 19 film labur).
Zinema-programazioa ia egunero osatuko da protagonisten, zinemagileen eta jorratutako gaietan adituak diren pertsonen solasaldiekin.
Guztira, goizeko 8 emanaldi eskainiko dira Antzoki Zaharrean, hiriko ikastetxeentzat. Adin-taldearen arabera aukeratutako filmak dira: Animalien eguberri magikoa (2024), Ipuinak lorategi magikotik (2025) eta Faisaien Irla (2025). Film horiekin batera doazen gida didaktikoak Rita & Luca Filmsek, Pack Màgicek eta Ikertzek garatu dituzte, hurrenez hurren.
Aurten Giza Eskubideen Zinemaldian Asaari Bibangek Humor negra bakarrizketa eskainiko du Antzoki Zaharren eta 4 erakusketa izango dira Donostia Kulturaren beste hainbeste gunetan.
Giza eskubideei buruzko Babes TÚ online jokoa ere egingo da. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatuta, parte-hartzaileek arlo horretan dituzten ezagutzak proban jartzeko.
Amnesty Internationalek, Mugarik Gabeko Ekonomialariek eta BC3 – Basque Centre for Climate Changek antolatutako gaurkotasun osoko mahai-ingurua (La era Trump y sus consecuencias) apirilaren 22an izango da Victoria Eugeniako Club Aretoan.
Zinemaldiaren helburua da kalitatezko zinemaren bidez giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiri buruzko hausnarketa, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea, baita justizia eta ekitate sozialarekin konprometitutako herritartasun aktiboa sustatzen laguntzea ere.
Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzarena, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bidez, baita GKEen eta hainbat erakunderen laguntza ere, tartean hauena: Zehar, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara.
SARRERAK
Sarrerak (5 €) apirilaren 17tik aurrera, ostirala, 11:30ean jarriko dira salgai Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.
Tabakalerako emanaldietarako sarrerak salgai daude jada (4,50 €) bere leihatilan eta webgunean.
Doako saioetarako gonbidapenak hilaren 17an bertan jarriko dira publikoaren eskura, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta DKren webgunean. Zinema eta Biktimologia III. Zikloko bi saioetarako gonbidapenak ere leku horietan eskura daitezke jada.