Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia 2003an sortu zen, hiriko Udalaren ekimenez. Hiriko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatuta, mundu osoko giza eskubideen urraketari buruzko hausnarketa, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatu nahi ditu parte-hartzaileen artean.

Desagertuak / Desaparecidos (Gervasio Sánchez) / Okendo Kultur Etxea (2012)

Zinema tresna eraginkorra eta unibertsala denez gero, irudien ahalmena aldarrikatzen da mundua kontzientziatzeko, hunkitzeko, baita aldatzeko ere. Salatzeko, oihukatzeko, emantzat hartu behar ez diren eta egunero mehatxatzen diren giza eskubideen alde lan egiteko. Zineman eta argazkilaritzan, marrazkigintzan, antzerkian, giza eskubideen urraketak eztabaidagaia izan behar du beti egileen eta landutako gaietan adituak direnen artean.

Izan ere, Donostiatik uste dugu zazpigarren arteak mundua hobeto ezagutzen lagun dezakeela, leiho bat ireki diezaiekeela herritarrei, guztion artean zinemaldi hau beharrezkoa ez izatea lor dezagun.

Filmak

Zinemaldiak film onenen hautaketa bat proiektatzen du urtero. Film luzeak eta laburrak, fikziozkoak eta dokumentalak —gaur egun oraindik bereizketa hori egiteak zentzurik badu—, animazioko zinema, eskola-taldeentzako saioak... Zinema baita Zinemaldi honen ardatza, baina ez bakarra: erakusketak, mahai-inguruak, kontzertuak, antzerki- eta dantza-ikuskizunak eta era guztietako jarduera osagarriak eskaintzen dira programazioa aberasteko.

Filmen inskripzioa

Zinemaldian izena emateko epea udazkenean irekitzen da urtero, mundu osoko ekoizleek, banatzaileek eta zinemagileek beren filmak hautaketa-batzordeari erakusteko aukera izan dezaten.

Eztabaidak

Eztabaida ezinbestekoa da giza eskubideen inguruko gaiei heltzen dien zinemaldi batentzat. Horregatik da garrantzitsua zinema-saioetan planteatutako gaiei buruz bertan garatzen den hausnarketa. Hala, programazioan sartzen diren filmen zuzendariez gain, planteatzen diren gaietako adituak, kontatzen diren istorioetako protagonistak, erakundeetako ordezkariak... gonbidatzen dira, urtero jorratuko diren gaiak hobeto ezagutzen laguntzeko.

nor garen eztabaida

Ikastetxeentzako saioak

Urtero, eskola-taldeentzako hainbat saio programatzen dira, 5-18 urte bitarteko ikasleentzat. Film jakin batzuk ikustera gonbidatzen dira eta, haiei lotuta prestatzen diren gidekin batera, ikasgelan gaurkotasuneko gaien inguruko eztabaida sortzea da helburua.

nor garen ikastetxeentzako saioak