Palestine 36 (2025) filmak, Annemarie Jacir zinemagile palestinarra —2019ko Zinemaldiaren Saria jasotakoa— zuzendari duenak, inauguratuko du apirilaren 23an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia, Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatua.

2026.03.27

Palestina, 1936. Arabiar Matxinada Handia, estatu independente izatea helburu duena, prestatzen ari da Europan gerrako danborrak entzuten diren bitartean. 1918an Otomandar Inperioaren gainbeheraren ondoren, Frantziak eta Erresuma Batuak eskualdea zatitu eta Britainiar Agintaldia ezarri zuten Palestinan. 1930eko hamarkadaren erdialdean, lurraren, immigrazioaren eta botere kolonialaren aldeko tentsioak areagotu egin ziren. 1936ko apirilean, greba orokor batek hiriak eta landa-eremuak astindu zituen.

Annemarie Jacir bere herrialdeko historiara hurbiltzen da bere film berrian. Haren hitzetan:

“Film hau egitea nire bizitzan egin dudan gauzarik zailena izan da. Genozidioa hasi zenean, denak jo zuen behea. Gure herria suntsitzen ari ziren, eta gure historiaren une ilun bati buruzko film bat egiten saiatu ginen, inoiz bizi izan dugun unerik ilunenetako bat biziko genuela jakin aurretik. Sakonera berrietan murgildu ginen; eromen bat zirudien. Batzuetan lur jota geunden. Kontua galdu nuen zenbat aldiz hasi eta gelditu zen ekoizpena. Aurrera jarraitu genuen. Antzezleak eta ekipoa elkartu egin ziren zerbait egin beharra zegoela tematuta, gure oinaze guztia maitasun ekintza batean iraultzeko, elkarri esateko ez gintuztela ezabatuko. Gidoia, historia, lokalizazioak... dena aldatu zen. Gauza bat indartu zen, ordea. Film hau ofrenda bat bihurtu zen”.

SINOPSIA

1936. Britainiar Agintaldiko Palestinako herrixkak britainiarren nagusitasun kolonialaren aurka altxatu bitartean, Yusuf bere landa-etxearen eta bizitasun handiko Jerusalemgo hiriaren artean noraezean dabil etorkizun baten bila, hazten ari den asalduratik harago. Baina historia gupidagabea da. Europan gero eta immigrante judu gehiago ari dira antisemitismotik ihes egiten, eta Palestinako populazioa elkartzen hasia da altxamendurik handienean eta luzeenean, britainiarren hogeita hamar urteko nagusitasunaren aurka. Gauzak horrela, talka saihestezin baterantz doaz alde guztiak, Britainiar Inperioarentzat eta eskualde osoaren etorkizunarentzat erabakigarria den une batean.