"Zinema eta Memoria" zikloa Giza Eskubideen Zinemaldian
Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia apirilaren 4tik 11ra bitartean garatuko da bai Victoria Eugenia Antzokian ꟷzinemaldiaren egoitza nagusianꟷ bai Antzoki Zaharrean, baita hiriko beste eszenatoki batzuetan ere. Aurten berriro izango da Tabakaleran Zinema eta Memoria zikloa. Zikloa osatzen duten hiru pelikuletan Historia kontatzeko garaian irudiek duten ahalmena eta garrantzia aztertzen dira.
ZINEMA ETA MEMORIA (Tabakalera)
- Ernest Cole: Lost and Found (2024). Raoul Peck. Frantzia-AEB
Ernest Cole argazkilari hegoafrikarra lehena izan zen apartheidaren izugarrikeriak munduari erakusten, 1967an argitaratu zuen House of Bondage liburuarekin, 27 urte zituela. Atzerriratu egin behar izan zuen, eta bizitza osoa Europan eta New Yorken eman, egonkortasun pertsonal eta profesionalik inoiz aurkitu gabe. Raoul Peckek haren bizitza kontatzen du artista gisa, baita haren amorrua ere, Hegoafrikako erregimenarekiko Mendebaldearen isiltasun eta konplizitatearen aurrean. Suediako banku baten kutxa gotorrean Coleren obraren 60.000 negatibo ustekabean aurkitu izana da dokumental honen abiapuntua, eta bere figuraren aldarrikapenaren hasiera.
- Henry Fonda for President (2024). Alexander Horwath. Alemania-Austria
Estatu Batuei buruzko saiakera pertsonal bat, zinemako aktore Henry Fondaren bizitzan eta obran zehar. Gizon oso isila, “ezertarako erantzun onik” ez zuela uste zuena, istorio paralelo baten eragile bihurtzen da. 1981ean izan zuen azken elkarrizketan grabatutako bere ahotsak eta pantailan izan zituen gorabeherek Estatu Batuetako iraganean eta orainean zehar gidatzen gaituzte errepideko bidaia batean, Fonda herritik (New York) Ozeano Barera; 1651tik 1980ko hamarkadara, eta zinemako beste aktore baten lehendakaritzara. Leku, denbora eta pertsonaia ugari behar da errepublika ikusezin bat imajinatzeko: Fondaren Estatu Batuak.
- Riefenstahl (2024). Andres Veiel. Alemania
Leni Riefenstahl, zalantzarik gabe, XX. mendeko emakume eztabaidatuenetako bat da, eta gehien idatzi den zinemagileetako bat. Aktore, dantzari, argazkilari eta zinemagile honek propaganda naziko film nagusia, Triumph des Willens (1935), eta Olympia (1938) zuzendu zituen. Gerora, beti ukatu zuen hari leporatutako lotura estua alderdiarekin eta Hitler edo Goebbelsekin. Dokumental hau film pribatu, gutun, argazki, dokumentu eta grabazioen bidez hurbiltzen da figura honengana.