Iciar Bollain
Iciar Bollain antzezle eta zuzendari madrildarra, Víctor Ericeren El Sur (1983) filmean estreinako lana egin zuenetik, ia hiru hamarkada daramatza zinearen munduan. Pelikula hauetan egin izan du lan: Malaventura (Manuel Gutiérrez Aragón, 1989), El mejor de los tiempos (Felipe Vega, 1990), Sublet (Chus Gutiérrez, 1991), Tocando fondo (José Luis Cuerda, 1993), Jardines colgantes (Pablo Llorca, 1993) eta Tierra y libertad (Ken Loach, 1994). Ondoren, zuzendari lanari ekin zion aurreneko aldiz 1995ean, Hola, ¿estás sola? filmarekin.
Harrezkero, bai antzezle lanean bai zuzendari lanean aritu da, eta azken honetan beti ibili da oraingo munduaren errealitatetik gertu, inmigrazioaren, indarkeriaren edo gatazka sozialen egoeretara hurbilduz.
Zuzendu izan dituen filmen artean daude: Flores de otro mundo (1999), Espainiako landa mundu latzean galdutako inmigranteen historia; Te doy mis ojos (2003), bere pelikularik arrakastatsuena, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko historia izugarria; También la lluvia (2010), aurten saio berezi batean proiektatuko dena, eta Bolivian izandako “uraren gerra” deitutakoa kontatzen diguna; eta orain arte azkena, Katmandú, un espejo en el cielo (2011), Nepalen, lankide boluntario katalan baten bizitzara hurbiltzen dena. Lurretik gertu beti, inguruan gertatzen denaren aurrean adi, bere zinearekin mundua pixka bat gehiago hobetzeko ahaleginean.