Kim Longinotto
Kim Longinotto britainiarra dokumentalen errealizadore garrantzitsuenetakoa da gaur egun. 20 film luze baino gehiago egin izan ditu (1976an estreinatu zenetik), mundu osoan zehar proiektatu eta saritu izan direnak, eta planetako bazter guztietatik egin izan dituen giza erretratuek, emakume kementsu eta borrokalarien historietan arreta berezia jarriz, egungo dokumentalaren erreferentzia bihurtu dute.
1998an izugarrizko arrakasta lortu zuen Divorce Iranian Stylerekin (Ziba Mir-Hosseinirekin batera zuzendua): Irango emakumeek dibortziatu ahal izateko aurre egin beharreko zailtasunak kontatzen dituena. Ondoren, hauek zuzendu izan ditu besteren artean, Gaea Girls (2000, Jano Williamsekin batera zuzendua), emakumezko borrokalari japoniar talde baten historia; The Day I Will Never Forget (2003), Kenyako emakumezkoen ebaketa genitalaren gaiaren ingurukoa eta horren aurka borrokan aritutako aurreneko emakumeetan oinarritua; Sisters in Law (2005, Florence Ayisirekin batera zuzendua), bi emakumeren erretratua, bata epailea eta bestea fiskala, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen eta haurren eskubideen defentsan lanean dihardutenena; Hold Me Tight, Let Me Go (2007), Mulberry Bush School-era egindako bidaia, trauma larriak sufritu izan dituzten haurrekin lan egiten duen eskolara, alegia; edo Rough Aunties (2008), abusu sexualen biktima izan diren haurrak zaintzen dituen emakume talde baten historia kontatzen diguna. Aurten, bere azkeneko lana aurkeztuko du Donostian, Pink Saris (2010), Indiako iparraldean emakumeen eskubideak defendatzen lan egiten duen Sampat Palen irudian oinarritua.