Robert Guédiguian

Bere hitzetan, Robert Guédiguian “zinema egiten duen militantea” da. Marseillako L’Estaque auzoaren erretratugilea da, eta bertan filmatu ohi ditu bere film gehienak. Langileen bizitzaren kronikaria da, portuko langileena eta egoera ahulenean bizi direnena ere, haiengan ardura handirik erakusten ez duen mundu globalizatuan duintasunez aurrera egiten saiatzen direnena.

Armeniarra zuen aita eta alemaniarra ama, eta hogeita hamar urtetik gora daramatza langabezia eta pobreziari, lan ezegonkortasunari, immigrazioari, drogei eta xenofobiari buruzko istorioak munduari kontatzen. Jende xehearen kontakizunak dira, Guédiguianek bere filmetan maitasunez eta errespetuz kontatzen dituenak. Beti lantalde berarekin lan egin ohi du, hau da, Ariane Ascaride emazte eta aktorearekin eta Jean-Pierre Darroussin edo Gérard Meylan aktoreekin. Bere konpromisoa agerian uzten dute honako film hauek: Marius et Jeannette (1997), À l'attaque! (2000), La Ville est tranquille (2000), Marie-Jo et ses deux amours (2002) edo Les Neiges du Kilimandjaro (2011).