Itzalen trenerako hiru txartel

Begoña del Teso

Tabakalerako 2026ko Giza Eskubideen Zinemaldiaren hiru proposamenek erakusten dute, beste behin ere, Zinema paradisu bat eta infernu bat dela, zeru bat eta hades bat.

Leku guzti horietan mamuak bizi dira. Batzuk maitatuak. Beste batzuk gorrotatuak. Itzalak nagusi diren paradisua, lokatzetan arima itotzen digun azpimundua. Hiru proposamenek ere berresten dute kamera guztiak direla Kamera, pantaila guztiak, Pantaila. Eta zinema guztiak, Zinema.

Tamara Stepanyanek, aita zuenak Vigen —bere herrialdeko publikoak gehien miretsitako aktoreetako bat, 50 film, 60 telebista programa, hainbat hizkuntza eta herrialdetan sortu eta ekoitzitako 43 ikuskizun, 100 pertsonaia protagonista baino gehiago… bildutakoa— Mes fantômes arméniensen ibilaldi bat eskaintzen digu, zinemarekiko maitasunean eta milaka eta milaka pertsonaren heriotzean zehar. Ez bakarrik Turkiar Gazteen gobernuak 1915 eta 1923 artean egindako nahitaezko deportazio eta sarraski sistematikotik, gaur egun ere Turkiak onartu nahi ez duen genozidiotik. Baita hamarkada luzeetan zehar ere, Armenia —Jachaturiam, Aznavour, Rouben Mamoulian, Atom Egoyam edo Zaven Najjarren jatorrizko lurraldea— Sobietar Errepublika Sozialistetako bat izan zenean. Desagertuak haiek, Azerbaijanekin izandako gatazka armatuaren aldian ere, Nagorno Karabaj eskualdearen defentsan.

Horren guztiaren lekuko izan zen zinema. Eta kontatu zuen. Batzuetan gobernuaren arma izan zen. Beste batzuetan, herriaren bandera. Dena dago hor. Tamarak, Vigen Stepanyanen eta aparteko biolontxelista baten alabak, igotzera gonbidatzen gaituen itzalen trenean. Bere filmean izen bat daukagu berreskuratzeko. Armeniar zinema horren izena. Ziklo posible orotan berreskuratu beharrekoa. Izen hori Sergei Parajanov da, eta herri osoa bertaratu zen haren hiletara. Bestetik, titulu bat daukagu programatzeko, Cannesen aurkeztutako lehen film armeniarrarena. 1966an izan zen. Titulu hori Kaixo, ni naiz (Barev, yes em) da. Frunze Dovlatyanek zuzendu zuen. Eta bai, zuri-beltz hori dario, hain paristarra, Nouvelle Vague hoberenetakoarena.

La noche está marchándose yak TBKko pantaila piztuko (eta itzaliko) du ostegunean, hilak 30ean. Bai, izenburua José Luis Peralesen kantu baten bertso bat da, ¿Qué pasará mañana? harena. Eta noraezean dabilen mundu baten historia honi on egiten dioten jainko txiki eta deabru zahar guztiengatik (Boulevard San Juaneko 49koa, Córdoba, Argentina osoa), non batzuek, arrazoi osoz, sumatu duten linternek eta Hugo del Carril Udal Zineklub zaharraren segurtasun argiren batek fantasmalki argitutako bere zuri-beltzean haserrearen mahatsen zapore garratza. Ezequiel Salinas eta Ramiro Sonzini zinemagileen dupla batek zuzentzen du, erabatekoak, berebizikoak, filmikoki eroak. Gidoiaz ere arduratu ziren, beste inork ezin izango baitzuen idatzi areto bateko zisnearen kantu hau. Fotografiaz arduratu ziren, haiek izan ez balira nork argitu izango zuen bestela azken berpizte hau, oinordetzarik gabe utzitako batzuen Fenix hegazti zauritu baten modukoa? Berpizkunde hori —iragankorra beharbada— bandoneoia, bidoi zaharreko sua eta garagardo bat lagun dituena, bere argi-ilunekin Lynchen, Murnauren eta Caligariren bihotzak ukitu izango zituen eszena. Muntaiaz arduratu ziren. Izan ere, Radu Judek berak esango luke errazagoa dela hauts ero baten bideoa jostea...

Larunbatean, hilak 2, kameren eta pantailen tamaina aldatuko dugu. Redlight to Limelight BBCk babestutako dokumental ausart, samur eta basati bat da. Bertan, gizakien multzo batek —ondo ezagutzen dutenak telefono mugikor batek ematen duen boterea— prostituten arteko sororitatea filmatu dute, Kalkutako auzo batean (Kalighat), barruti gorrian. Auzo horretan, gainera, zinema-areto eder bat dago, Basusree Cinema izenekoa. Sororitatea eta askoz gehiago. Liskarrak ere bai. Oinazea ere bai. Sexua ere bai diruaren truke. Edo xanpainaren truke. Abandonatu ere bai. Abusua. Eta montzoia, urez betetzen dituena kaleak eta perlaz (faltsuak, noski) apaindutako idolotxoen postuak. Ez du hala ere pantaila inprobisatua blaitzen. Zinema, zinema guztiak.