Lourdes Portillo
Mexikon jaioa, Ameriketako Estatu Batuetan hazia eta chicano izateaz harro, Lourdes Portillok, zinegile gisa, karreraren zati handi bat nortasun eta kultura latinoak ikertzen eta analizatzen eman du. Oso gazte zela hasi zen dokumentalen munduan eta, San Franciscon ikasketak amaitu ondoren, 1979an lehen filma zuzendu zuen –Después del terremoto–. Bertan, nikaraguar gazte etorkin baten bizitza Kalifornian kontatzen du.
1986. urtean Oskar sarietarako izendapen bat lortu eta nazioarteko beste hogeita bost sari eskuratu zituen, Susana Muñozekin batera, Argentinan hiru urtez filmatu zuen Las Madres de la Plaza de Mayo lanarekin. Beranduago, besteak beste, lan hauek zuzendu zituen: La ofrenda: The Days of the Dead (1988) , komunitate mexikarretan eta chicanoetan hildakoen egunaren inguruko ospakizunei buruzkoa; EI diablo nunca duerme (1994), bere jaioterrira itzultzen da osabaren heriotza ikertzeko; Corpus A: Home Movie for Selena (1999), Texaseko kantari ezagunaren figurari buruzkoa; Señorita extraviada (2001), Ciudad Juarez-en eraildako ehunka emakumeen errealitatera hurbiltzen da; edo Al más allá (2008), maien lurraldeko kostaldean droga-trafikoari buruz egindako dokumental esperimentala.